NAIZ

«Txartel bakarra» abian jartzea eskatu dio EH Bilduk Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzari

EH Bilduk azaldu duenez, Routes Europe kongresuko parte-hartzaileei «metro, tranbia, tren eta autobuserako txartel bat eman zaie mugagabeko bidaiekin» agerian utziz posible dela «txartel bakarra» abian jartzea.

Bruno Zubizarreta EH Bilduren Bilboko zinegotziak Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzari eskatu dio txartel bakarra abian jartzea. «Routes Europe 2018 kongresuan parte hartu dutenekin agerian geratu da posible dela gaur egun txartel mota hori abian jartzea», azaldu du ohar batean.

Zinegotziak gogoratu du kongresu horretan parte hartu dutenei garraio publiko ezberdinetan erabiltzeko txartel bakar bat eman zaiela. «Horrek agerian utzi du posible dela txartel mota hori erabiltzen hastea. Arazo teknikoak zeudela esaten zuten, baina ikusi da ez dagoela horrelako oztoporik. Posible da erabiltzaileei transbordoak ez kobratzea ahalbidetuko duen txartel bat abian jartzea. Nahi politikoa baino ez da behar», gaineratu du.

EH Bilduk hainbat instituzioetan eskatu du txartel bakarra abian jartzea. «Argi esan dugu Bilbon mugikortasun jasangarri bat lortu nahi izanez gero, txartel bakarra ezinbesteko baldintza bat dela», esan du Zubizarretak.

Ibilbide batean prezio bakar bat egotea eskatzen dute erabiltzen den garraioa erabiltzen delarik. «Horrelako neurriek beharrezkoak dira garraio publikoa sustatzeko, beste hiri batzuetan argi geratu den bezala».

Hori dela eta, txartel bakarra abian jartzea nahi politiko kontu bat dela argi geratu dela esan fu eta EH Bilduk berehalako urratsak ematea eskatu du.