NAIZ

Edukiontzi marroiak jarri dituzte hiriko barruti guztietan

Edukiontzi marroia Bilbo guztira helduko dela iragarri du Bilboko Udalak. Azaldu dutenez, falta ziren lau barrutietan hondakin organikoak bereizita bildu eta horiek birziklatzeko edukiontzi berriak jarri dituzte eta informazio kanpaina bat burutuko dute.

Edukiontzi marroiak. (Bilboko Udalak)
Edukiontzi marroiak. (Bilboko Udalak)

Hondakin organikoen bilketa 5., 6., 7. eta 8. barrutietara helduko dela iragarri du Bilboko Udalak. Aldi berean, orain arte egon diren edukiontziak kendu eta irekitzeko sistema berria duten edukiera handiagoko edukiontzi berriak jarriko dituzte. Guztira, hiri guztian 1500 edukiontzi berri jarriko dituzte.

Apirilaren 30ean informazio kanpaina bat hasiko da barrutietako udaltegietan eta orain arte edukiontzi marroia eduki ez duten barrutietako zenbait lekutan. Hala nahi duten familiek birziklatze-kita eskuratu ahalko dute; hau da, zakarrontzia, poltsa biodegradagarriak, txartela eta birzikla daitezkeen produktuak adierazten dituen imana. Horrela, herritarrek hondakin organikoak bereizita bota ahalko dituzte edukiontzi marroian.

Irailetik aurrera, hondakin organikoak bereizita biltzeko sistema jarrita dagoen barrutietan dauden edukiontzi marroien ordez edukiera handiagoko beste batzuk jarriko dituzte eta hauek zabaltzeko giltzaren ordez txipa duen txartela erabili beharko dute herritarrek.

Bilboko Udalak emandako datuen arabera, gutxi gorabehera, 9100 familiak erabiltzen dute sistema hau eta urtean 586.199 kilo hondakin organiko jasotzen dira. Edukiontzi marroiak hiri guztian jarrita, urtean 3.600.000 kilo inguru biltzea aurreikusten dute.