NAIZ

Metro Bilbaok kontratazio berrietan euskara jakitea bermatzea eskatu du LABek

Ezagutzera emandako azken lan-eskaintzan ingeles maila euskara mailaren gainetik jarri duela Metro Bilbaok salatu du LAB sindikatuak. Informatika analista lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, euskarazko B2 maila eskatzea eskatu du sindikatuak.

Maiatzaren 6an, hedabideetan eta Metro Bilbaoren web orrialdean, bulego nagusietan aritzeko informatika analista bat kontratatzeko deialdia zabaldu zuen Metro Bilbaok. LAB sindikatuak salatzen duenez, «zer eskatzen duten begiratu eta hizkuntzen atalean honela jaso dute: ‘Euskara B1 maila eta ingeles B2 maila egiaztatu behar dira’.

LAB sindikatuaren iritziz, Metro Bilbao gisako erakunde publiko bat EAEn ofiziala den euskara «gutxiesten» ari da, «atzerriko hizkuntza baten atzetik jarriz, zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egitea oztopatu eta erabiltzaileen eta langileen hizkuntza eskubideak urratzen baitira».

«Munduan beste inon ulertuko litzateke atzerriko hizkuntzak lehenestea tokiko hizkuntzen ordez? LABek lan-eskaintza hori bertan behera utzi edo, bestela, B2 euskara mailara igotzeko eskatzen dio Metro Bilbaoko zuzendaritzari», azaltzen dute komunikabideetara igorritako oharrean. 

Aldi berean, LAB sindikatutik «neurri horrek lan-munduan eragiten dien gainerako sindikatu eta erakundeei eskatzen diegu herritarren hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aldeko lana eta ahaleginak indartzeko».