Starbucks, «ez zarete ongi etorriak»

Bilboko Ernaik Starbucks kateak Nafarroa kalean ireki berri duen dendaren kontrako protesta ekintza aldarrikatu du sare sozialetan. Pintura horia jaurtitzearekin batera, «ez zarete ongi etorriak, gazteok Bilbo bizia» leloa marraztu dute atarian.

NAIZ|2018/05/15 13:59
Captura_de_pantalla_2018-05-15_a_las_13
Starbucks katearen kontrako ekintza egin dute.

Bilboko Ernaik sare sozialetan zabaldutako Starbucks katearen kontrako ekintzaren aldarrikapenean azaltzen duenez, «ez zarete ongi etorriak prekarietatea baino eskaintzen ez duzuen horiek».

Salatzen dutenez, «kultura globalizatuaren adierazle nagusi» dira Starbucks moduko multinazionak eta «kapitala gure bizitzen gainetik» jartzen dute.

«Hau da ustelen erregimenak Bilbon, EAJren eskutik eskaintzen digun hiriaren ardatza» kritikatzen dute.

«Bilbotarrontzat baino, turistentzat pentsatu eta bideratua dagoen hiria» dela salatzen dute: «Auzoetatik baino, erdigune komertzialetik periferiara eraikitzen den hiria. Gazteon emantzipazioa ahalbidetu baino, utopia bihurtzen duena. Gure bizitza erdigunean kokatu baino, kapitala erdigunean kokatzen duen hiria».

Bilboko Ernaik aldarrikatzen duenez, «antolakuntzaz eta borrokaz jar dezagun gure bizitza kapitalaren aurrean» eta «bota dezagun behera EAJk gidatutako ustelen erregimena eta eraiki dezagun Euskal Herri sozialista eta feminista».

Starbucks kateak joan den astean ireki zuen saltoki berri bat Bilboko erdigunean dagoen Nafarroa kalean eta sare sozialetan egin duten aldarrikapenean, pintura horia eta margoketak egin dituzte «ez zarete ongi etorriak, gazteok Bilbo bizia» leloarekin.