NAIZ

«Bestelako» supermerkatu ereduak bultzatu eta ezagutzeko ekitaldia Bilborock aretoan

Maiatzaren 23an, asteazkena, Food Coop dokumentala aurkeztuko da Bilborock aretoan. Aldi berean, mahai ingurua eta solasaldia egingo dira, Euskal Herrian martxan dauden «bestelako» supermerkatu ereduak ezagutzeko.

FOOD COOP dokumentalaren aurkezpena.
FOOD COOP dokumentalaren aurkezpena.

Labore, REAS Euskadi, Bizilur, Kidekoop, EHKolektiboa, Mugarik Gabe, Elkarcredit eta Desazkunde eta bizitze ona Sarea elkarteetako kideek «bestelako» supermerkatu ereduak ezagutarazteko ekitaldia antolatu dute Bilborock aretoan datorren maiatzaren 23rako. Food Coop dokumentalaren emanaldiaz gain, mahai ingurua eta solasaldia egongo dira, Euskal Herrian martxan dauden antzeko proiektuak aurkezteko.

Food Coop, New York-en sortutako supermerkatu kooperatiboaren inguruko dokumetala da. Proiekzioan kooperatibismoa, kolektibotasuna, ekonomia eraldatzailea, elikadura burujabetza, elkartasuna eta autogestioa bezalako gaiak jorratzen dira.

Ekitaldiaren aurkezpenean bidalitako oharrean azaltzen dutenez, «zken urteetan, gure eguneroko erosketa multinazional gutxi batzuen eskuetan dago. Enpresa hauek beraien etekinak handitzeko ondasun naturalak esplotatzen dituzte, produkzioa mila kilometrotara deslokalizatzen dute eta milaka pertsona esplotatzen dituzte lan-baldintzak bidegabeko eta ez duinak erabiliz».

Aldiz, Euskal Herrian, eta Bilbon, gero eta gehiago dira «bestelako supermerkatuak» bultzatzen ari direnak autokudeaketan eta lankidetzan oinarritutakoak. Proiektu hauek ekoizpen ekologikoa eta jasangarrian oinarritzen dira, produkzioaren birkokatzean eta zirkuito laburretan eta lan-baldintzak duinak eta bidezkoak ziurtatzen dituzte.

Maiatzaren 23an egingo den ekitaldian proiektu hauen inguruan hitz egin eta ezagutzeko aukera izango da Bilborock aretoan.

Food Coop dokumentalaren trailer-a:

Food Coop - Trailer from LARDUX FILMS on Vimeo.