737.024 euro azken bost urteetan emakumeen kirola sustatzeko

40 pertsona edo entitate inguru izan dira Bilboko Udalak emandako diru laguntzen onuradunak. Ohar batean nabarmendu dutenez, laguntzen xedea kirol arloan gizonezkoen eta emakumezkoen berdintasuna sustatzea da.

NAIZ|2018/05/18 11:33
Patinaje
Emakumezkoen kirola sustatzeko emandako laguntzen berri eman du Udalak. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak 737.024 euroko diru laguntzak eman ditu 2014tik 2018ra emakumezkoen kirola sustatzeko. Klubak, pertsona juridikoak eta emakumezkoen kirola sustatzen duten ekitaldiak izan dira onuradunak.

100 diru laguntza baino gehiago eman dira, 40 pertsona edo entitate inguru izan dira onuradunak. Azaldu dutenez, 13 urtetik gorako emakumezkoek osatutako taldeak, zuzendaritzakoen % 50 gutxienez emakumezkoak diren klubak, Bilbon kirol programak garatzen dituzten pertsona juridikoak eta kirol ekitaldiak izan dira laguntzak jaso dituztenak.

Bestalde, Bilbao Kirolaken abonatuen artean emakumezkoak % 47 direla eman dute ezagutzera. Gizonezkoak baino gutxiago dira, baina ikastaroak egiten dituztenen artean emakumezkoak gehiengoa dira: % 56.

Umeen artean aldeak oso txikiak dira eta gazteen artean (15-24 urte bitartekoak) eta helduen artean (25-44 eta 45-65) alde horiek handiagoak dira.

65 urtetik gorakoen artean ordea, joera alderantzizkoa da, abonatuen artean era nabarmenean emakumeak gehienak dira-eta. Hori bat dator Bilboko biztanleen piramidearen egiturarekin, emakumezkoen bizi-itxaropena handiagoa da-eta.

Jarduera batzuk «feminizatuta» daudela azaldu dute Udaletik, horren artean aerobic-a, aerozumbing-a, dantza modernoa, onik irauteko gimnasia eta bizitza aktiboa.