NAIZ

Deustuko Lehendakari Agirre etorbidean istripuak gutxitzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk

2015etik 80 istripu baino gehiago gertatu diren Deustuko Lehendakari Agirre etorbidean trafikoa baretzeko helburuarekin neurri ezberdinak aurkeztu ditu EH Bilduk. Maiatzeko Udalbatzera eramango du proposamena eta Artxandako tunelak dohain izatea eta Done Petri plaza batzea planteatzen du.

Deustuko Done Petri plaza batzeko proiektua erakusteko prestaturiko infografia.
Deustuko Done Petri plaza batzeko proiektua erakusteko prestaturiko infografia.

Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko bozeramaileak agerraldi batean aurkeztu ditu Lehendakari Agirre etorbidean istripuak gutxitzeko egingo dituzten proposamenak. Ibaibarriagak esan duenez, «2015etik 80 istripu baino gehiago gertatu direla inguru horretan. Horrek, zalantzarik gabe, lotura zuzena dauka abiadura kontrolik ez daukan eta auzoa bitan banatzen duen bide azkar batekin».

Ibaibarriagak bide horrek dituen arriskuak eta bertan izan diren istripuak gutxitzeko neurriak hartzearen beharra aldarrikatu du. EH Bilduren bozeramaileak gogoratu duenez, Lehendakari Agirre etorbidea 30 kilometro orduko «gunetik kanpo» geratu da. «Nahiz eta trafiko asko egon, abiadura muga 50 kilometro ordukoa da», kritikatu du.

«Bide horretatik, egunero, 11.620 ibiligailu pasatzen dira. Horietatik 11.500 baino gehiago Enekuritik ateratzen dira Eskuinalderako edo Txorierrirako bidean. Beraz, ibilgailu horiek guztiek Bilbon sartzeko edo Bilbotik ateratzeko bakarrik erabiltzen dute bide hau», azaldu du.

EH Bilduk trafikoa baretzeko neurrien beharra maiatzeko Udalbatzara eramango du eta horien artean, Artxandako tunelen dohakotasuna izango da proposamenetako bat.

«Azken hamarkadetan Deustuko bizilagunek haien etxe aurretik milaka ibilgailu igarotzea jasan behar izan dute. Badago trafikoa desbideratzea ahalbidetuko lukeen eta eraikita dagoen azpiegitura bat. Azpiegitura hori ondo erabiltzeko unea da», gaineratu du.

Horrekin batera, Done Petri plaza batzeko proposamen bat egin du EH Bilduk. «Aukera oso on bat izango litzateke trafikoa baretu eta bizilagunei ingurune lasai eta atsegin bat eskaintzeko», azaldu du.