NAIZ

‘Memoriaren ibilbideak’, Artxanda zeharkatzen duen Burdin Hesian

Bi kilometro inguruko ibilbidea osatu dute Burdin Hesian zehar eta orain dela 81 urte Artxandan izandako gudaren gune adierazgarrienetako batzuk bisitatu ahal dira.

Aintzane Ezenarro eta Juan Mari Aburto Artxandan. (June PRIETO / FOKU)
Aintzane Ezenarro eta Juan Mari Aburto Artxandan. (June PRIETO / FOKU)

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok gaur goizean aurkeztu dute Burdin Hesiaren inguruko «memoriaren ibilbideetako» seinalizazioa Artxandan.

Seinalizazio-panel baten bitartez, ibilbidearen egitasmoa herritarrei gotorlekuak duen garrantziaren berri ematea da eta, aldi berean, «memoria demokratikoa» berreskuratzen laguntzea.

Panela funikularraren geltokiko irteeran dago kokatuta, aurkezpena egin den lekuan.Bilboko alkateak adierazi duenez, halako ekimenek «bidegabe jasandako sufrimenduak» duen garrantzia nabarmentzen dute eta aitortu egiten dute «bizikidetza demokratikoa eta bakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizarte bat eraiki eta defendatzeko esfortzua».

Bere aldetik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendariak proiektuaren helburu pedagogikoa azpimarratu du «gure konpromezua da memoria hau ondorengo belaunaldiei transmititzea eta erakustea zer den galtzen dena giza eskubideekiko errespetua galtzen denean: demokrazia eta askatasuna».

Seinalizazio panelak

Burdin Hesia deritzona Bilbo inguruak tropa frankistengandik babesteko sortu zela gogoratzen da seinalizazio paneetan. Hesiak 80 kilometro hartzen zituen eta 33 udalerri zeharkatu.

Artxandan bi kilometro inguruko ibilbidea hartzen du. Funikularraren geltokitik bertatik, memoriaren ibilbideak zuhaizti bat zeharkatzen du Artxandako behatokiraino. Nertan dago ‘Aterpe 1936’ eskultura, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenen oroigarri izateko eraikia.

ibilbideak San Rokerantz jarraitzen du; Artxandako Guduaren funtsezko beste leku bat. Ibilbidean ipinita dauden panelek aukera ematen dute 1937ko ekainaren 13tik 19ra bertan gertatutakoa ezagutzeko, Artxandako Kasino Handian kokatuta zegoen errepublikanoen azken posizioa galdu zenean, eta ekainaren 19an tropa matxinatuak Bilbon sartu zirenean.

Gainera, panelak Burdin Hesiari buruzko informazioa eskaintzen du; bere diseinuan eta eraikuntzan parte hartu zuten pertsonak eta hesia defendatu zuten batailoiak.