NAIZ

Udalak mediatekako gatazkaren aurrean hartu duen «jarrera pasiboa» salatu du ELAk

Pairatzen duten prekarietatea salatzeko Azkuna Zentroko mediatekako 25 langile greba mugagabea egiten ari dira orain dela hiru astetatik. ELA sindikatuak salatu duenez, ez da aurrerapausurik izan egoera konpontzeko eta Udalaren «jarrera pasiboa» salatu du.

Mediatekako langileen elkarretaratzea Azkuna Zentroan. (@MdtkaBorrokan)
Mediatekako langileen elkarretaratzea Azkuna Zentroan. (@MdtkaBorrokan)

Azkuna Zentroko mediatekako langileak greban daude joan den maiatzaren 30etik hona pairatzen duten prekaritatea salatzeko. ELA sindikatuak bidalitako oharrean azaltzen dutenez, «Azkuna Zentroaren azpikontrata gisa lan egiten duten 25 pertsonek zortzi urte daramate lanpostua mantentzeko bermerik gabe, lehiaketa beste enpresa batek irabaziz gero; 800 euro inguruko soldata jasotzen dute; zentroa urteko 365 egunetan irekitzen da; kontratu gehienak lanaldi partzialekoak dira, eta azken zortzi urteetan soldatak izoztuta izan dituzte».

Aldi berean, «aplikatzen den lan-hitzarmenak ez daukala zerikusirik egiten den lanarekin, ezta zerbitzuarekin ere» salatu du sindikatuak.

ELAk oharren dioenez, zerbitzua berriro lizitatzera doaz eta langileek uste dute Azkuna Zentroak eta Bilboko Udalak dagokien ardura beren gain hartu behar dutela «lanpostuak eta soldata- zein lan-baldintza duinak bermatzeko».

Langileen ordezkariek hainbat bilera izan dituzte Nekane Alonso Bilboko kultura zinegotziarekin eta Azkuna Zentroko zuzendaritzarekin, baina langileek ez dute proposamen bat ere jaso.

ELAren iritziz, ezin daiteke onartu Bilboko Udalak eta bere arduradunek, batik bat alkateak, lan gatazka honetan hartu duten jarrera. «Antza udal gobernuari bost axola diote zerbitzua ematen duten langileek, baina baita herritarrei eskaini beharko litzaieken zerbitzuak ere», salatzen duenez.

ELAk galdegin du nork bere ardura politikoa har dezala bere gain eta proposamen konkretuak jar daitezela mahai gainean, gatazkaren konponbidera iritsi ahal izateko.