EH Bildu: «Alondegiak ezin du bere arrakasta prekarietatean oinarritu»

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak babesa adierazi die greban dauden Mediatekako langileei eta Bilboko Udalari lan gatazkaren irtenbide baten bilaketan jarrera «aktiboa» izatea eskatu dio.

NAIZ|2018/06/21 13:22
Albafatuarte
Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (@ehbildubilbo)

23 egun daramatzate Alondegiko Mediatekako langileak greban eta egoera horren aurrean EH Bilduk beren kezka adierazi du. «Joan den astean Administrazio Kontseiluan ziurtatu ziguten seguruenik aste honetan adostasun batera heltzeko moduan egongo ginela, baina ikusten dugu Udal Gobernua ez dela gai izan proposamen serio bat mahai gainean jartzeko. Eta hau onartezina dela uste dugu», adierazi du Alba Fatuarte zinegotziak.

Gaineratu duenez, «EH Bildun argi daukagu Alondegiaren ustezko arrakasta hori zentroko langileen prekarietatean oinarritzea». Gogora ekarri du zentro hori publikoa dela eta beraz diru publikoz finantzatzen dela.

EH Bilduk argi dauka gatazka hau, beste asko bezala, huts egin duen kudeaketa eredu baten emaitza dela. Salatu duenez, «EAJren kudeaketa eredu hau, kultura eta zerbitzuen hiri ereduarena da, baina eredu horrek B alde bat dauka. Alegia, azpikontratatzioan eta prekarietatean oinarritutako eredua da».

«Eta guk uste dugu eredu honek ez diola etorkizun oparorik ziurtatzen hiri honi», gaineratu du Fatuartek.

Ildo horretan, EH Bilduk elkartasuna adierazi nahi izan die Mediatekako grebalariei. Horrez gain, EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Udalari. «Batez ere Udalaren aldetik konpromiso politikoa eta baliabideak mahaigaineratzea exigituko ditugu, langileen duintasunaren alde eta lan gatazka honek, behingoz, irtenbide bat lortu dezan», esan du Fatuartek.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK