NAIZ

Etxebarria parkean ospatuko dute San Juan gaua Bilboko konpartsek

Bilboko konparsek Etxebarria parkean ospatuko dute San Juan gaua. Dantza, musika, txokolatea edo Akelarre Foc erakustaldiarekin gozatzeko aukera izango da. Aldi berean, Bilboko hainbat auzotan ere suak piztuko dituzte larunbat iluntzean.

Etxebarria parkean ospatuko dute San Juan gaua Bilboko konpartsek. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Etxebarria parkean ospatuko dute San Juan gaua Bilboko konpartsek. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

San Juan bezpera eta udako solstizioa dela eta, Bilboko konpartsek gau magikoa prestatu dute Etxebarria parkean larunbaterako. 19.30etan hasiko da festa, lurrari egingo dioten erritualarekin, egun horrek duen esanahi sinbolikoa agertzeko. Ondoren, umeentzako jolas kooperatiboak hasiko dira, bitartean Natxo Monteroren eta Gaztedi dantza-taldeko musikarien dantza-plaza izango da lagun.

20.30etan hasiko da ohiko txokolate-edana, erabat doan, bertoko abeltzainek ekoiztutako esnearekin eta bidezko merkataritzako txokolateagaz egindakoa. Iaz bezala, aurten txokolate veganoa ere eskainiko da.

22.00etan hasiko da gaueko ekintzarik ikusgarriena: Akelarre Foc piroteknia-ikuskizuna, Lekittoko Deabruak-ekin. Jarraian, 22:30ean, San Juan gaueko sua piztuko da eta ‘Queimada’ dastatzeko aukera izango dute, Deiedra folk-taldearen abestiak entzungo dituzten bitartean.

23.30ak aldera, araoa egingo dute Etxebarria parkean batutako herritarrek, «hasi berri den udari ongietorria emateko eta bertan burutuko ditugun proiektu guztiak giro onez eta alaitasunean bete ditzagun», konpartsakideek azaldu dutenez. Horretarako, urarekin topa egingo dute, indar telurikoak euren aldera erakartzeko.

Bilboko konpartsek antolatutako egitarauaz gain, Bilboko auzoetako jai batzordeek ere hainbat ekintza prestatu dituzte. Deustu, Erribera, Ibarrekolanda, Matiko, Zurbaran, Santutxu, Otxarkoaga, Abusu-La Peña, San Adrian, Irala, Olabeaga, Zorrotza, Masustegi eta Iturrigorri-Peñascalen suak piztuko dituzte larunbat iluntzean.

Oharrak

Akelarre Foc ikuskizunean egongo diren pertsonei gogorarazi diete gomendagarria dela erretzen ez den arropa jantzea, batik bat arropa bakeroa edo arropa zaharra, txano edo kapelarekin.