NAIZ

Bilbo «bizigarriago» baten aldeko salto protesta

Red Bull jauziak ospatzen ari ziren bitartean, ‘Piztu Bilbo, itzali MTV!’ ekimeneko kideek salto txapelketa propioa egin zuten, «makroebentoen aurrean, guk nahi eta merezi dugun bilbotarron eta bilbotarrontzako Bilbo bizia irudikatu eta exijitzeko».

Bi lagunek salto egin zuten Red Bull jauzien txapelketa dela-eta hiriaren merkantilizazioa salatzeko.
Bi lagunek salto egin zuten Red Bull jauzien txapelketa dela-eta hiriaren merkantilizazioa salatzeko.

Larunbat arratsaldean ‘Piztu Bilbo, itzali MTV!’ ekimeneko kideek salto txapelketa propioa antolatu zuten Red Bull jauziak ospatzen ari ziren bitartean. «Guardia zibilak gure txapelketan parte hartzean itsasadarrera salto egin duten bi gazteak identifikatu eta salaketa jarri die, itsas segurtasunaren aurkako delitua eta desordena publikoak leporatuz. Gainera, uretan zain zegoen beste gazte bat ere identifikatu du, baita zubian ekimenean parte hartzen zeuden beste bederatzi gazte», azaldu dutenez komunikabideetara igorritako oharrean.

Salto protestaren helburua Udal Gobernua kudeatzen duten EAJ eta PSE alderdiek eta enpresa handien koalizioaren «makroekitaldien» eta «antzeko egitasmo publiko-pribatuen» ekinbidea salatzea izan da.

«Bilbo polit, baketsu eta eder bat utzi digutela diote buruturiko iraultza urbanoaren bidez. Guk berriz, iraultza urbanoak, kontraesanez beteriko hiriaren metaformosia ikusten dugu, non, Hiria desegiteko prozesu metakor gisara ulertzera garamatzana. Kapitalak maneiatutako Hiria, askatasun eta justiziaren espazioa izan beharko lukeenaren egoera sozialetik urrundu izateak, egungo Bilboren eredua, krisira eramango dute urte apurretan», diote prentsa oharrean.

«Makroekitaldien» hiri horrek Bilboren irudi «internazionala aurrerapen, botere eta handitasunaren erakuslehio gisara saldu» nahi dituztela salatzen dute ‘Piztu Bilbo, itzali MTV’ ekimenetik. «Estrategia» horrek «bizitzaren merkatarizazioa, lur eremuen espekulazioa, lan baldintza prekarioak sistematizatzea, zein euskal identitatea kultur globalizatuan urtu eta desagerraraztea» dakarrela gaineratzen duten.

Horren aurrean, Bilbo «bizigarriago» baten alde lan egingo dutela nabarmentzen dute.