NAIZ

312 lanpostu, Bilboko Udalaren 2018ko lan eskaintza publikoan

Bilboko Udalaren helburua udal plantilla apurka gaztetzen jarraitzea da. 2018ko lan eskaintza publikoaren barruan onartu diren 312 lanpostuetatik 150 Udaltzaingoarentzat dira.

Bilboko Udaletxea. (Bilboko Udala)
Bilboko Udaletxea. (Bilboko Udala)

Bilboko Udalak, Gobernu Batzordearen asteko bileran, 2018ko lan eskaintza publikoa onartu du eta 312 lanpostu eskainiko ditu. Horietako 150 Udaltzaingorako izango dira eta gainerakoak, tokiko administrazioko hainbat lanpostu.

EAJ eta PSEren Gobernuak onartu duen proposamenak Negoziazio Mahaian dauden sindikatuen oniritzia izan duela nabarmendu dute eta eskaintzaren helburua udaleko plantilla gaztetzea da.

Berritasunetako bat da lan eskaintza publiko honetako lanpostuen % 7 -guztira, 21 lanpostu- desgaitasuna duten pertsonentzat gordeko direla.

Euskararen erabilerari dagokionez, hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa duten lanpostuetan, nahitaezkoa izango da hizkuntza-eskakizuna edukitzea eta ziurtatzea; gainerakoetan, euskara merezimendutzat joko da deialdi bakoitzeko oinarrietan adierazitako ehunekoetan.

Lan eskaintza publiko honetako beste helburuetako bat da bitarteko lan-kontratuen tasak edo interinitate-tasak murriztea, kalitateko lan publikoa eta egonkorra eskainiz, baita bertako pertsonalaren barne sustapena 99 lanposturen erreserbaren bitartez.

Eskainitako lan postu publikoen zerrenda ondorengoa da: udaltzaingoaren agente izateko 150 lanpostu; administrazio orokorreko 7 teknikari; 4 arkitekto; 3 ingeniari; antolaketako teknikari 1; albaitari 1; 4 mediku; 8 kalitateko teknikari; 3 ekonomialari; euskarako teknikari 1; laneko arriskuen prebentziorako teknikari 1; emakumeen aukera berdintasunerako aholkulari 1; 3 arkitekto tekniko; 6 ingeniari tekniko; 3 erizain; 8 gizarte-langile; 11 delineatzaile; industria-maisu/teknikari espezialista 1; artxiboko 4 laguntzaile; liburutegiko 7 laguntzaile; gizarte eta kultur arloko 4 animatzaile; trafikoaren antolaketarako laguntzaile tekniko 1; albaitaritzako laguntzaile 2; 19 suhiltzaile; ofizioetako 9 ofizial eta 50 menpeko langile.

2017an 218 lanpostuko lan eskaintza publikoa egin zuela gogoratu dute Udaletik.