@asierrobles

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak instituzioen utzikeria salatu du migranteen harreran

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak elkarretaratze zaratatsua egin du Bilboko udaletxearen atarian, migranteei harrera ematerako orduan euskal instituzioen utzikeria salatu eta baliabide eta neurri gehiago eskatzeko.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Udaletxe atarian egindako elkarretaratzea. (June PRIETO / FOKU)
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Udaletxe atarian egindako elkarretaratzea. (June PRIETO / FOKU)

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak egindako elkarretaratze zaratatsuan «Euskal Herria, harrera herria», «Eskubide guztiak, pertsona guztientzako» edo «Aburto eta Urkullu entzun, harrera nahi dugu» bezalako oihuak entzun dira.

Plataformatik nabarmendu dutenez, euskal instituzioen, bereziki Bilboko Udalaren, «jarrera eta utzikeria» salatu dute Bizkaiko hiriburura iristen diren migranteei harrera ematerako orduan.

Txus Blancok, Ongi Etorri Errefuxiatuko kideak, adierazi dunez, denbora asko daramate migranteen eta errefuxiatuen «oinarrizko beharrak asetzeko baliabideak eskatzen» eta ez dute Udalaren partetik «inolako erantzunik jaso».

Plataformaren arabera, Bilbora 80 migrante inguru heldu dira azken astean, eta bakarrik 40 pertsonentzako tokia eskaintzen zen La Concha aterpetxean Gurutze Gorriaren bitartez.

Aterpetxe honek «gutxieneko baldintzak» ez dituela betetzen salatu dute ez baitauka dutxa, arropa edo janaririk.

Bestalde, Lakuako Gobernuko ordezkari Jonan Fernandezek egoera kontrolpean dutela esan duen arren, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik azaldu dutenez asteazken gauean Gurutze Gorriko aterpetxean 38 pertsonari ez zieten onartu eta kanpoan geratu ziren, dagoeneko bi gau egin dituztela argudiatuz.

Plataformatik gogoratu dutenez, heldutako pertsonak «egoera gogor, ahul eta traumatiko batean daude egindako bidaiaren ondorioz».

Txus Blanco, plataformako kideak, Bilboko Udalaren jarrera Bartzelonako, Valentziako eta Granadako udalek emandako erantzun egokiarekin alderatu ditu.