naiz
Bilbo

Gatibu, La Pegatina, Vendetta eta Doctor Deseoren kontzertu berezia, Bilboko jaietako egitarauan

Bilboko Udalak 100 kontzertu baino gehiago antolatuko ditu aurtengo Aste Nagusian jarriko dituen zortzi agertokietan. Besteak beste, gaur Gatibu, Vendetta, Skakeitan, Doctor Deseo eta Bilboko Udal Banda, La Pegatina edo David DeMaria iragarri dituzte.

Gatibu taldearen kontzertua aurtengo 40 Minutu Rock jaialdian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Gatibu taldearen kontzertua aurtengo 40 Minutu Rock jaialdian. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Udalak aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 18 eta 25 bitartean ospatuko dena, joko duten hainbat talde konfirmatu dituzte. Abandoibarrako pasealekuan Gatibu izango da eszenatokia inauguratzeko ardura izango duena, hilaren 18an arituko da-eta Gernikako taldea.

Igandean, abuztuak 19, ikuskizun berezienetako batetaz gozatzeko aukera izanen da. Doctor Deseo igoko da agertokira, baina ez da bakarrik izanen, alboan izango baitu Bilboko Udal Banda, haien estilo ezberdinak bat eginez.

Europa parkean, aldiz, asteazken gauean, hilak 22, Skakeitan gipuzkoarren ska elektronikoak irekiko du bidea, eta Vendetta nafarrek itxiko dute, urte amaieran egingo duten agurraren aurrekari gisa.

Abuztuaren 23an Herrialde Katalanetako La Pegatina taldearen txanda izanen da, kasu honetan, Abandoibarrako agertokian. Egun berean, Europa parkean, Maxima FM taldeak izango du bertaratutakoak gozarazteko ardura.

Hurrengo egunean, Abandoibarran Radio Futurako abeslari ohi Santiago Auseron izanen da, Sexy Sadie taldearekin batera. Azken egunean, aldiz, David DeMariak itxiko ditu jaiak eszenatoki honetan eta Europan, aldiz, Sebastian Yatrak.

Guztira zortzi eszenatoki ezarriko ditu bizkaitar hiriburuko udalak eta bertan 100 kontzertu eta ikuskizun baino gehiago egonen direla jakinarazi dute.