NAIZ

Munduko musika estilo ezberdinen agertokia izango da plaza Barria Aste Nagusian

Euskal Kantarien Jira-Birak ikuskizunak Gontzal Mendibil, Gorka Knorr, Urko eta Txomin Artola elkartuko ditu plaza Barrian. Johnny Osbourne jamaikar artista, Sonakai-ren flamenko doinuak edo Gwendal taldearen folk zelta ere entzuteko aukera izango da.

Plaza Barriko agertokia Aste Nagusian. (Bilboko Udala)
Plaza Barriko agertokia Aste Nagusian. (Bilboko Udala)

Beste urte batez, erritmo multikulturalak izango dira plaza Barrian Aste Nagusian. Abuztuaren 18tik 25era Euskal Herria, Maroko, Estatu espainiarra, Jamaika, Estatu Batuak, Ingalaterra, Bretainia, Aljeria edo Estatu frantseseko artistek kontzertuak eskainiko dituzte bertan.

Larry & his flask country-rock taldea arituko da abuztuaren 18an eta beraien aurretik Dead Bronco izango dira.

Abuztuaren 19an, igandea, The Electric Swing Circus electro-swing ingelesaren txanda izango da.  Abuztuaren 20an, astelehena, Fanfarai Big Band taldeko folk musikak jarriko du erritmoa Estatu frantseseko, Maroko eta Aljeriako artista eta sustraiekin. 

Gwendal bretainiarren folk zeltak berriz, gozatzeko aukera emango die entzuleei abuztuaren 21ean.  Abuztuaren 22an, Aste Nagusiaren erdian, Bilbao Reggae Splash helduko da, XXVII. ediziora iritsi den reggae jaialdia. Johnny Osbourne jamaikar artista Stepper & Massive All Stars-ekin batera etorriko da. 

Abuztuaren 23an, osteguna, flamenkoaren eta euskal kulturaren arteko fusioaz gozatu ahal izango du jendeak. La Kaíta, Guadiana, El Perrete, Javier Conde edo El Peregrino flamenko dantzariak  izango dira eta ondoren Juanjo Navas eta Sonakai.

Aste Nagusiko egun handian, abuztuaren 24ean, Orquesta Radio Topollinok pasodoblea, txa-txa-txa, eta tangoa ekarriko ditu.

Bigarren larunbatean Euskal Kantarien Jira-Bira ikuskizunak Gontzal Mendibil, Gorka Knorr, Urko eta Txomin Artola igoko ditu taula gainera.