NAIZ

CNT sindikatuak faxismoari aurre egin zioten gizon eta emakumeak omendu ditu Artxandan

Urtero legez, CNT sindikatuak 1936ko uztailaren 19an «faxismoari aurre egin» eta «iraultza soziala» egin zuten emakume eta gizonak omendu ditu, Artxandako La Huellan.

CNT sindikatuak Artxandako La Huellan egindako ekitaldia.
CNT sindikatuak Artxandako La Huellan egindako ekitaldia.

1936ko uztailaren 19an «faxismoari aurre egin» eta «iraultza soziala» egin zuten emakume eta gizonak omendu zituen ostegunean CNT sindikatuak, Artxandako mendian gudari eta milizianoen omenez La Huella izeneko oroitarria dagoen tokian.

«Pertsona arrunt baina antolatu batzuek kapitalismotik at bizitzea posible dela erakutsi ziguten», nabarmendu du CNT sindikatuak komunikabideetara bidalitako oharrean.

Gizon eta emakume «arrunt eta harrigarri hauek goraipatu nahi ditugu, eredua zaretelako», azpimarratzen dute. «Zuei esker gure bihotzetan mundu berri bat daramatzagu, momentu hauetan hazten ari dena».

CNT sindikatuaren iritziz, orain dela 82 urte «herriek estatu kolpe faxista gelditu zuten, nahiz eta Espainiar Errepublikak ez lagundu» eta «gainera, gizon eta emakume hauek Europan XX. mendean eman den iraultza sozial handiena gauzatu zuten, lurra eta industriak kolektibiztatuz, komunismo libertarioa praktikan jartzen».

CNT sindikatuak bidalitako oharrean Kurdistango Rojavan emandako «prozesu iraultzailea» agurtu dute eta errefuxiatuen egoera ere aipatu dute. CNTren ustez «ekintza indartsuak» egin behar dira errefuxiatuekiko elkartasuna sakontzeko eta instituzioek bere egin beharra betetzeko. «Manifestazio eta elkarretaratzeez gain, greba da erabili beharko dugun erreminta», diote sindikatutik.