NAIZ
BILBO

Jolas-parkearen arrastorik ez da geratzen dagoeneko Artxandan

Jolas-partea hartu zuen Ganguren mendiko lursailean ez da dagoeneko 1990eko otsailaren 9an itxi zuten instalazio horren arrastorik geratzen. Zutik geratzen ziren egiturak kendu ondoren eremua txukuntzen aritu dira. 

Artxandako jolas-parkea eraisteko lanak, amaituta. (BIZKAIKO ALDUNDIA)
Artxandako jolas-parkea eraisteko lanak, amaituta. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Ohar bidez Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez, Ganguren mendiko partzelan geratzen ziren eraikin eta egiturak eraisteko lanak amaitu egin dituzte eta, gainera, lursailaren mailak ezponda naturalen bitartez leundu dituzte, erortzeko arriskua murriztu asmoz.

Hainbat fasetan egin dituzte lan horiek guztiak: lehenengo, eskuz kendu dira eremuan zeuden hondakinak (pneumatikoak, bidoiak, ontziak, plastikoak, oholak...), ondoren tratatzeko. Eraikinen barruan, altzariak, komunak, ateak, leihoak, hormak, paperak eta kartoiak eta instalazio elektrikoak kendu ziren.

Horrez gainera, lanen adjudikaziodun zen ABEEaren langileek eskuz kendu zituzten, banan-banan, anfiteatroko ia bost mila jesarlekuak.

Lanen hirugarren fasean, hondeamakinek oraindik zutik eta egoera txarrean zeuden egiturak bota zituzten: bulego-eraikinak, leihatilak, jolas-parkeko etxolak, kafetegiak, komunak eta parkearen ezaugarri ziren metalezko piramide gorriak. Eraikinen hormigoia zehatu egin da, sakonuneak eta zuloak betetzeko eta desnibelak berdintzen dituzten ezpondak egiteko.

Eraisteko lanetan, hondakinak gaika bildu dira dagozkien edukiontzietan, mota bakoitza tratatzeko baimendutako kudeatzaileei eramateko.

Lanon helburua izan da lur guztia zero kotan uztea; horretarako, egiturak bota dira eta lurreko zuloak eta sakonuneak estali. Era horretara, desagertu egin dira elementu estrukturalak erortzeagatik edo landareek estalitako zuloengatik pertsonek izan zitzaketen arriskuak.

Parkea eraisteko lanek 153 egun iraun dute, eta uztailaren 9an amaitu ziren. Hasieran, 120 egunekoa zen epea, baina luzatu egin da langileen segurtasuna bermatzeko eta eguraldiak eragindako atzerapenengatik (adibidez, otsailean eta martxoan izandako elurteak direla eta).

Lanen likidazioari dagokionez, azken kostua 869.599 eurokoa izan da, aurrekontuetan jasotzen zen partidarekiko (1,5 milioi) %44a aurreztuz.