NAIZ
BILBO

Presoak kaleratzeko bide orri bat aldarrikatuko du Kalera Kalerak Bilboko Aste Nagusian

Kalera Kalera dinamikak manifestazioa deitu du Bilboko Aste Nagusian euskal presoak kaleratzeko bide orri baten alde. Hilaren 24an izango da martxa, eta 12.00etan abiatuko da plaza Eliptikotik ‘Bada garaia, presoak kalera’ lelopean.

Kalera Kalera dinamikak agerraldia egin du Bilbon Aste Nagusiko manifestazioa deitzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Kalera Kalera dinamikak agerraldia egin du Bilbon Aste Nagusiko manifestazioa deitzeko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Abuztuaren 24an, ostiralez eta Bilboko Aste Nagusiaren ospakizun betean, manifestazioa burutuko du Kalera Kalera dinamikak Bizkaiko hiriburuko kaleetan euskal presoak kaleratzeko bide orri bateratu baten alde. Martxa 12.00etan abiatuko da plaza Eliptikotik, ‘Bada garaia, presoak kalera’ lelopean.

«EPPK-k partekatutako azken gogoetekin bat eginik, hitzetatik harago doan lan agenda aldarrikatuko dugu», azaldu dute dinamikako bozeramaileek astelehen goiz honetan prentsaren aurrean egin duten agerraldian, «preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria zehaztu dezagun».

Euskal presoen aferan ematen ari diren mugimenduekin, «eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen urrats eskuzabalekin batera», beharrezkotzat jotzen du herri mobilizazioa Kalera Kalera dinamikak, «herritarron aktibazioa eta konponbidearen exijentzia kalean mantentzea».

Dinamikako bozeramaileek adierazi dutenez, argi dauka ezker abertzaleak kartzela politika iraultzeko «espazio zabalak» eta «exijentzia zehatzak» bultzatu behar direla: «Horregatik, gure oinarri sozialari dei egiten diogu ‘Orain Presoak’ lelopean garatuko diren ekimenetan parte hartze aktiboa eduki dezan».

«Eta lotsarik gabe, egungo legearen aplikaziorako baldintza eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aurrean tinko agertzeko dei ere egiten dugu», gaineratu dute, uste baitute Euskal Herrian «merezi duen» preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizunak ezin duela «xantaiarik» onartu.

«Bide hau kalean dauden euskal herritarrekin ez ezik euskal preso, iheslari eta deportatuekin batera egin behar dugula konbentzituta gaude, beraien amets eta gogoetak gureak eginez, beraien alde baino beraiekin lanean», azpimarratu dute. «Kalera irten behar dugu beraiek kalera irten daitezen».