NAIZ

Alkoholaren kontsumoaren eraginak murrizteko kanpaina aurkeztu dute Bilboko konpartsek

Bilboko konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoaren arriskuak murrizteko kanpaina egingo dute Aste Nagusian zehar. Egitasmoaren helburua alkoholaren kontsumoari buruzko egiazko informazioa, objektiboa eta ez moralizatzailea zabaltzea da.

Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak Areatzan aurkeztu dute alkoholaren inguruko kanpaina.
Konpartsek eta Etorkintza Elkargoak Areatzan aurkeztu dute alkoholaren inguruko kanpaina.

Bertsotan eginez aurkeztu dute gaur Bilboko konpartsek eta Etorkintza Elkargoak alkoholaren kontsumoak dakartzan arriskuak murrizteko kanpaina. Gernikako Koldo Gezuraga Seijido bertsolariak kantuan azaldu du parrandan alkohola kontsumituko badugu kontuan izateko zenbait aholku.

Izan ere, kanpainaren asmoa argia da: informatu epaitu barik; mezua, argiagoa: ondo pasa, pasa barik.

Eta horixe da, Bilboko Konpartsak eta Etorkintzak azaldu dutenez, euren helburu nagusiena, jendeak egiazko informazioa jaso dezan eta, ondorioz, bere erabaki propioak har ditzan.

«Ez dugu inor epaitu nahi. Informatu eta aholkuak eman, besterik ez». Santi Martínez Ortiz eta Iban Aurrekoetxea Peña Etorkintza Elkargoko kideen esanetan, alkohol gehiegi edo bestelako substantziak hartzearen eragin kaltegarriak murrizteko zenbait arau erraz jarraitzean dago gakoa.

«Edatekotan, ondo pasatzeko edaten dugu. Horretarako munduko eszenatokirik onena da Aste Nagusia. Inork ez du txarto pasatu nahi; beraz, gogoratu beti zerbait jateaz, edan ura tartean deshidratazioa ekiditeko eta saiatu edari ezberdinak ez nahasten».

Horrez gain, sentsibilizazio-kanpaina horren barruan, aurreko urteetan bezala, alkohola hartzearen faseak azaltzen dituen gida txiki bat eskainiko dute. Gida hori jendeari banatuko zaio eta txosnetan izango da eskuragai, kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko asmoz.

Konpartsek, bestalde, lehen sorospenei buruzko liburuxka handiago bat izango dute, larrialdi momentuetan erabiltzeko diseinatu dena eta intoxikazio larrien kasuan hartu beharreko neurriak jasotzen dituena. Bilboko Konpartsetako Haizea Goitiz Auriak nabarmendu duenez, «plazer eta arriskuak ezagutzean eta baloratzean oinarritutako erabaki pertsonala da kontsumoa. Garrantzitsuena norberarekiko eta besteekiko jarrera arduratsua izatea da».