Osakidetzak Bilbon itxitako hiru Etengabeko Arreta Puntuak zabaltzea eskatu du LABek

LAB sindikatuak salatu duenez, udan itxitako Bilboko Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko Etengabeko Arreta Puntuak (EAP) ez zabaltzeko erabakia hartu du Osakidetzako zuzendaritzak.

NAIZ|2018/09/12 12:48

Udan zehar Bilbon itxitako Etengabeko Arreta Puntuak irekitzea eskatu du LAB sindikatuak. Salatu dutenez, Osakidetzak Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxuko zentroak ixtea erabaki du.

Sindikatutik gogora ekarri dutenez, 2010ean PSE-ren zuzendaritzapean, 42 osasun zentro itxi zituzten larunbat goizez. Harrez geroztik ohikoa da Aste Santuan eta udan Lehen Arretako zentroen ordutegia murriztea, arratsaldeko 20.00etan itxi beharrean 17.00etan ixtea, alegia.

LAB sindikatutik diotenez, murrizketak «gehiago estutu» eta udarako itxitako Bilboko Alde Zaharreko, Txurdinagako eta Santutxu-Solokoetxeko Etengabeko Arreta Puntuak (EAP) ez zabaltzeko erabakia hartu du Osakidetzako zuzendaritzak.

«Uda baliatu du EAJk, erabiltzaileoi beste osasun zerbitzu bat lapurtzeko. Osakidetzako Zuzendaritzak sarri egiten duen bezala honako erabakia langileen ordezkaritzari inolako informazioa helarazi barik hartu du», salatu du sindikatuak ohar batean.

«Askotan entzun behar dugu agintarien ahotik osasun baliabideak zentzuz erabili behar ditugula, herritarrok Osakidetzarekiko errespetu falta bagenu bezala. EAJ eta Darpon Sailburua dira euskal jendarteari errespeturik ez diotenak. Herritarren osasun eskubidea ziurtatzen duten zerbitzu publikoak gero eta gehiago murrizten baitituzte, osasun pribatuaren negozioa bultzatzeko», gaineratu du LAB sindikatuak oharrean.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK