NAIZ

Erriberako Bizinahi eraikinean hartuko dituzte Santutxuko Karmelan zeuden etorkinak

Atxuri, Bilbo Zaharra eta Santutxutik igaro ondoren, Erriberako auzotarrek hartuko dituzte asteburu honetatik aurrera Bizinahi eraikinean azken hilabeteetan Bilbora iritsitako etorkinak. 130 bat lagun egon dira ia hilabetez Karmelan.

Etorkinen eskubideen defentsan Bilbon egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Etorkinen eskubideen defentsan Bilbon egindako mobilizazioa. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Uda hasieratik Bilboko auzo ezberdinetako herritarrak modu ezberdinean antolatzen ari dira Bizkaiko hiriburua iristen diren etorkinei harrera egiteko. Azken hilabetean Santutxuko Karmelan izan dira eta sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera, igandean Erriberako Bizinahi eraikinean hartuko dituzte.

Irailaren 19an 135 migrari zeudela Karmelan jakinarazi zuten eta Udalaren utzikeria salatzeko mobilizazio zaratatsua egin behar dute ostiral arratsaldean Ritxi plazan.

Ekainean hasi ziren antolatzen herritar talde ezberdinak Bilbora iristen diren etorkinei harrera egiteko. Lehendabizi Atxuriko auzotarrak izan ziren harrera egin zietenak eta aste batzuk saskibaloi kantxetan egin ondoren, Bilbo Zaharrean hartu zituzten. Hortik Santutxuko Karmelara joan ziren abuztu erdialdean, Bilboko jaien hasierarekin batera eta igandean kotxe karabana batean joango dira Erriberara. Arratsaldeko 18.30etan egingo dute Atxuriko Begoñako Errepublika kaletik aterako den karabana.

Bizinahi eraikinean egingo diete harrera. Deustuko auzotarrek urte hasieran «berreskuratu» duten gunea da.

Bizkaiko Aldunditik 2.666 pertsonari laguntza eman diotela azken hilabeteetan esan du Teresa Laespada diputatuak eta modu egokian egin dutela ziurtatu du.