NAIZ

Amatasun eta aitatasun prestazioek ez dute PFEZ ordainduko Bizkaian

Bizkaiko Foru Ogasunak amatasun eta aitatasunagatik ordaindutakoa itzuliko du eta eskaera eredu berezi bat jarriko du prestazio hori jaso duten pertsonen eskura. Aldi berean, aurrerantzean bizkaitarrei egiten dieten amatasun eta aitatasun prestazioen ordainketetan PFEZaren atxikipenik ez egiteko eskatuko dio Gizarte Segurantzari.

Bizkaiko Foru Aldundiak aldaketa bat sartuko du PFEZari buruzko Foru Arauan Gizarte Segurantzak ordaintzen dituen amatasun eta aitatasun prestazioak aipaturiko zerga ordaintzetik salbuetsita daudela zehazteko.

Horrela, prestazio horiek administrazio autonomikoek eta tokiko administrazioek ematen dituzten prestazioetara batuko dira, eta azken horiek salbuetsitako errenta gisa zehazten ditu gaur egungo foru aginduak. Neurri hori PFEZari buruzko Estatuko Legearen inguruan Auzitegi Gorenak eman berri duen epai batek eragindako egoera aztertu ostean hartu da, eta amatasun eta aitatasun prestazio hori jasotzen duten zergadun bizkaitarrei segurtasun juridikoa emateko xedea du.

Aldi berean, zergadun bizkaitarren zerga tratamendua kontzeptu horrengatik lurralde erkideko zergadunek jasoko dutenarekin parekatzen du, eta kasu horretan ere ez dute zerga ordaindu behar errenta horrengatik.

Zerga aldaketa hori 2019ko Aurrekontuen Foru Aginduaren Proiektuan sartuko da. Horrela, Batzar Nagusiek proiektu hori onartzen badute, indarrean sartuko da datorren urtarrilaren batean, prestazio horren eta berau jasotzen duten pertsonen etorkizuneko zerga egoera argituz. Aipaturiko epaiaren inguruan egindako azterketaren arabera, nahiz eta Auzitegi Gorenaren erabakiak ez dion PFEZari buruzko Foru Aginduari eragiten, agindu horretatik eratorritako doktrina aplikatuko da, izan ere, legeak eta foru arauak idazketa berbera baitute.

Foru Aldundiak kontzeptu horrengatik ordaindutako zenbatekoak itzuliko ditu oraindik irmo egin ez diren errenta-aitorpenetan (normalean, 2014, 2015, 2016 eta 2017ko ekitaldiei dagozkienak).

Itzultzeak eskatzeko, Ogasun Sailak aurki gaituko duen eskaera-eredu bat jarriko du eraginpeko pertsonen eskura. Eskaera aurkeztutakoan, Foru Ogasunak errenta-aitorpen bakoitza birkalkulatuko du zerga-oinarritik prestazioari dagokion zenbatekoa deskontatuz eta eskatzaileari diferentzia itzuliz.

2018ko ekitaldian ordaindutako prestazioen gainean egindako atxikipenei dagokienez, 2019ko maiatzetik eta ekainera bitartean egingo den datorren errenta-kanpainan itzuliko dira. Era berean, aurrerantzean bizkaitarrei ematen dioten amatasun eta aitatasun prestazioetan PFEZaren konturako atxikipenik ez egiteko eskatuko dio Foru Ogasunak Gizarte Segurantzari.