NAIZ

Udalberriren proposamenak, etxerik ez duten pertsonen bizitza baldintzak hobetzeko

Udalberrik lau proposamen propio eta baterako bat defendatuko ditu osteguneko Udalbatzan Bilbo hiri «justuago eta gardenagoa» egiteko helburuarekin. Etxerik ez duten pertsonen bizitza baldintzak hobetzeko bi ekimen aurkeztuko dituzte.

Amaia Arenal eta Carmen Muñoz, Udalberriko zinegotziak.
Amaia Arenal eta Carmen Muñoz, Udalberriko zinegotziak.

Orain urtebete, etxerik ez duten pertsonak erroldatzeko aukera bermatzea eskatu zuen Udalberrik. Gogoratu dutenez, «orduko hartan ez zuten akordio eraginkorrik lortu, baina argi geratu zen interes partekatu bat zegoela erroldatze sozialaren hobekuntzan aurrera egiteko».

Lan egiteko irekitasun hori Gizarte Ekintzaren Arloaren ardura duen zinegotziaren eskutik berriz ere eskaini zen jendaurrean, joan den iraileko osoko bilkuran eta ostegunean erroldatze-prozesua benetan has dadin, Udalerriari lotzeko aldia hiru hilabetetik hilabete batera murriztearen beharra proòsatuko dute.

Horrez gain, bete beharreko baldintzak lehen elkarrizketatik informatu beharra zehazki ezartzea eta lan-plana erabiltzaile bakoitzaren bizi-errealitatera egokitzea eskatuko du. 

Honekin batera, etxerik gabeko pertsonen atsedena saihesten edo zailtzen duen edozein hesi arkitektonikoekin bukatzeko proposatuko du Udalberrik.

Bestalde, lurzoru publikoaren salmentari esker lortutako diru kopuruaren erdia gutxienez etxebizitzaren parkea handitzeko eta hobetzeko bideratzea eskatuko du.

Aipatu dutenez, Etxebizitza Sozialaren Bilboko Behatokiaren datuen arabera, alokairuko etxebizitza babestuan egungo eskatzaileak 10.000 baino gehiago dira eta kalkulatzen da 1.800 lagun besterik izango dutela bat lortzeko aukera.

Udalberrik unibertsitate publikoaren babesaren garrantzia jarriko du mahai gainean eta Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari «Unibertsitate Hiria» estrategiaren barruan elitismorik gabeko bikaintasun-ikuspegi bat txertatzea proposatuko du, «euskal unibertsitate publikoak toki protagonista bat eduki dezan».

«Baina une honetan, EAJ-PSEren gobernuak egin beharko lukeenaren justu kontrakoa egiten ari da. Horren adibide argia Zorrotzaurren ikus dezakegu, bertan gaur egun 7 hezkuntza-ekimen pribatu baitaude eta UPV-EHUk eskainitako bi ekimen besterik ez. Horregatik, nahi dugu konpromisoa har dezatela Zorrotzaurre jakintzaren oasi pribatu ez bihurtzeko, eta bertan unibertsitate publikoaren presentzia testigantza hutsezkoa ez izateko», azaldu dute Udalberritik.

Azkenik eta kontuan izanda aurreko bilkuran Udalak jasotzen dituen sarrerak zozketatzeko egindako proposamena atzera bota zutela, hiru udal-talde proposatzaileek -EH Bildu, Udalnerri eta Goazen- gaia berriro mahaigaineratuko dute osoko bilkura honetan. «Udalera heltzen diren sarreren, zein mota ezberdinetako oparien zerrenda argitaratzea eskatuko dugu, gizarte demokratiko batean ezinbestekoa den gardentasun ariketa bat aurrera eramanez», esan dute.