NAIZ

Hutsik dauden etxebizitzen erregistroa sortzea proposatuko du EH Bilduk urriko Udalbatzan

«Lan baldintza duinak, berdintasuna eta auzokideen beharrizanak» oinarri dituzten sei proposamen egingo ditu urriko Udalbatzan EH Bilduk. Hutsik dauden etxebizitzen erregistro bat sortzea da horietako bat.

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (twitter @EHBilduBilbo)
Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko zinegotzia Bilbon. (twitter @EHBilduBilbo)

«Etxebizitzarena bilbotarren ardura nagusienetako bat da eta EH Bildun badakigu Bilbon egoerak txarrera egin duela azken urteetan. Hori dela eta, argi daukagu instituzioek egoera hobetzeko lan egin behar dutela. Hutsik dauden etxebizitzen erregistro bat sortu behar dugu. Hutsik dauden etxe horiek alokairuaren merkatura atera behar dira», azaldu du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduren Bilboko bozeramaileak.

Beste alde batetik, EH Bilduk Erriberako Merkatua sustatzeko proposamen bat egingo du. Hain zuzen ere, beheko solairuan auzokideentzako espazio bat erreserbatzea proposatzen du udal taldeak. «Alde Zaharreko auzokideek ez daukate estalitako gunerik egoteko. Erriberako Merkatuko beheko aldea leku aproposa izan daiteke funtzio hori betetzeko. Hurrengo Udalbatzan proposatuko dugu plan piloto bat abian jartzea Erriberako Merkatuko gune horretan auzokideek tailer eta ekintza ezberdinak egin ahal izateko», azaldu du.

EH Bilduk Udalak lan baldintza duinak bermatzeko urratsak ematea nahi du eta sinatzen dituen kontratuetan klausula sozialak definitzeko eta lantzeko prozesu parte hartzaile bat abian jartzea eskatuko du. «Gure ustez, beharrezkoa da Udala eredu izatea eta horretarako lan baldintza duinak bermatu behar ditu ematen dituen kontratuetan. Hori lortzeko urratsak eman behar ditugu denon artean», esan du Ibaibarriagal.

Lan baldintzekin lotuta, Bilbobuseko langileei eragiten dien proposamena ere egingo dute. «Bilbobusen ematen den egoera guztiz paradojikoa da. EH Bilduk lortu zuen erdibideko geralekuak jartzea emakumeen segurtasuna bermatzeko. Hala ere, Bilbobuseko emakume langileek distantzia handiak ibili behar dituzte haien etxeetatik lanera eramaten dien autobuserarte. Hori dela eta, EH Bilduk proposatuko du arazo horri irtenbide bat bilatzea».

Berdintasuna eta gardentasuna

EH Bilduk urriko Udalbatzan Arte Ederretako Museoarekin lotutako proposamen bat ere egingo du. Izan ere, kudeaketan genero ikuspegia txertatzea beharrezkoa da udal taldearentzat. «Museoko erakusketa politikak genero ikuspegitik berrikusi behar dugu. Erosketa protokoloak berraztertu behar ditugu, museoaren erabakigune guztietan gizon eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortu behar da... Berdintasun politikan hitzetatik ekintzetara pasatzea eskatzen dugu».

UdalBerri eta Goazen Bilbaorekin batera, EH Bilduk Udalaren gardentasuna hobetzeko proposamen bat egingo du, Udalak jasotzen dituen sarien zerrenda eta horien banaketa nola egiten den argitaratzea eskatuko du oposizioak. «Adibidez, orain dela gutxi esan ziguten, EH Bilduk galdetu ondoren, zenbat sarrera jasotzen dituen Udalak Bilbao BBK Live bezalako ekitaldietarako. Ia 1500 sarrera baina argitu gabe nork jasotzen dituen horietako asko», azaldu du.