NAIZ

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioa izango da asteartean

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren hamargarren edizioa egingo da Bilboko Bizkaia Aretoan, asteartean, azaroaren 6an. Topaketak aukera emango du euskararen biziberritzearen inguruan egiten ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak modu ezberdinetan ezagutu eta lantzeko.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldia
Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Soziolingustika Klusterretik azaldu dutenez, hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzei dagokionez, ingurune digitalak «berariazko ikuspegia» behar du. «Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari. Erantzun horien arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jartzera heldu diren hizkuntzak daude munduan», adierazi dute.

Hala, jardunaldian nazioarte mailako joera nagusien berri izateko aukera egongo da, arloaren ezagutza zuzena dutenen ahotik. Alde batetik, nazioarte mailan gaia ikertu eta lantzen duten aditu erreferentzialak izango dira, eta bestetik, euskararen kasua erarik sakonenean ezagutzen duten bertako eragileak.

Zenbait gairi buruzko eta era guztietako formatuetako saioek osatuko dute egitaraua. Aurten gai bat gailenduko da: hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean. Ildo horretan, Andras Kornai doktore hungariarra mundu mailako erreferentzia da hizkuntzen bizitasun digitalari dagokionez. Munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dagoela adierazi izan du, eta hau saihesteko gakoak zeintzuk diren azalduko du bere hitzaldian. Ingelesez hitz egingo du Kornai-k eta euskarara interpretazio zerbitzua eskuragai izango da behar dutenentzat.

Euskal eragileak

Jarraian, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragileren txanda izango da. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da hamarna bat minutuko aurkezpenetan.

Jardunaldian parte hartze zuzenerako tarte zabala ere eskainiko da egitarauan. Aldi berean gauzatuko diren lau lantegi aurreikusi dira: hizkuntza erabilera bestelako faktore sozialekin nola erlazionatzen den aztertzera bideratua, lurralde bateko hizkuntza aniztasuna mapetara ekartzeari buruzkoa (Gipuzkoako kasuan oinarritua), herri mailan hizkuntzari lotutako aktibazioaren gakoei buruzkoa eta lehen orduko saioei segida emanez, euskarak ingurune digitalean dituen behar eta erronkei buruzkoa (Azkue Fundazioaren gidaritzapean).

Lantegiek Euskal Soziolinguistika Jardunaldian bildutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna baliatzeko gune bezala planteatu dira. Horrela, elkarrekin sortu eta martxan dauden proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Hausnartu sariak

Arratsaldean, lehen aldiz, Hausnartu Sarien banaketa Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitaraua txertatuko da. Horrela, 2018ko edizioko sari nagusia Izaskun Kuartangorentzat izan da, «Bezero misteriotsuaren teknika herri-administrazioetako zerbitzu-hizkuntzaren ebaluazioan» izeneko lanarengatik. Lehiaketaren bigarren saria Miren Artetxerentzat izan da, eta hirugarrena Irati Lizeagarentzat. Saridunek beren lanen aurkezpena egingo dute.

Hausnartu Sariak euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak saritzen dira. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke, besteak beste, soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio zientzietatik.

Arratsaldeko bigarren saioan Soziolinguistika Klusterra egiten ari den zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak, ideiak, tresnak eta ikasgaiak modu arinean aurkeztuko dira. Saioaren helburua da abian dauden proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta hauen bidez eskuratzen diren emaitzak balioan jartzea.