‘Piztu Bilbo’-k jasotako «errepresioa» salatu du

‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ plataformak aurreko astean zehar jasotako «errepresioa» salatu du, eta MTV joan arren, «erakusleiho-hiri honen aurka, beste Bilbo bat eraikitzen» jarraituko dutela adierazi du.

NAIZ|2018/11/06 11:05
Piztu_bilbo
testu esleitua: ‘Piztu Bilbo’-ren manifestazioa (Aritz LOIOLA/FOKU)

‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ plataformak, «MTV EMAren fokuen, luxuaren eta postureoaren» atzean jaso duten «errepresioa» salatu dute: «Gure auzoetan bizi izan dugun militarizazioa gutxi balitz, mobilizazio-aste hau identifikatu ezberdinekin eta atxilotu batekin bukatu da. Azken hori, gainera, autoritatearen aurkako atentatua egotzi diotelarik».

Atxilotutako lagunari astelehenean egin behar zioten epaiketa azkarra, baina plataformatik adierazi dutenez, atzeratzea lortu dute, «hainbesteko lastertasun honek bere defentsa eskubidea urratzen zuelako». Bestalde, identifikatutako pertsonek «isun eta ondorio judizial lazgarriekin mehatxatu» dituztela adierazi dute.

Identifikazio eta atxiloketa hauei aurre egiteko, mobilizazioak planteatuko dituztela aurreratu du ‘Piztu Bilbo’ plataformak.

Eskerrak eman dizkiete aste osoan zehar «mobilizazio herrikoietan» parte hartu eta inplikatu diren pertsona eta kolektibo guztiei. «Ostegunetik aurrera antolatu ditugun ekimen eta mobilizazioekin Bilboko kaleak borrokaz eta elkartasunez bete ditugu. Konkretuki, larunbat arratsaldeko manifestazioan makro-ebento eta inposatzen ari zaigun hiri eredu neoliberalarekiko aurkakotasuna mahai gainean jarri zen», adierazi dute.

Azkenik, MTV joan den arren, plataformak hor jarraituko duela argi utzi du, «erakusleiho-hiri honen aurka, eta honetatik haratago, beste Bilbo bat eraikiz».