Gazteei berariaz zuzenduriko Bilboko lehen enplegu planak 87 lanpostu eskainiko ditu

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak gazteei berariaz zuzendutako lehenengo enplegu plana abiatu dute. Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren eta Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez gauzatuko da plana, eta helburua da askotariko profil profesionaletako 87 lanpostu sortzea.

NAIZ|2018/11/08 10:46
Emplegua
Gazteei zuzenduriko emplegu planaren aurkezpena. (BILBOKO UDALA).

Lanbidek 2.188.670 euroko diru laguntza bideratuko du ekimena garatzeko, eta Bilboko Udalak 1.500.000 euroko ekarpena egingo du. Horrela, planak 3.688.670 euroko inbertsio publikoa izango du.

Planaren arduradunek jakinarazi dutenez, Bilbao Ekintza udal sozietateak zuzenean kontratatuko ditu gazteak eta 12 hilabeteko lan saio osoko kontratuak izango dituzte. Izen-ematea zuzenean Mazarredo zumarkalean eta San Inazio auzoan kokatuta dauden Lanbideren bulegoetan egin behar da, azaroaren 14a baino lehen.

Planaren baitan eratuko diren 87 lanpostuak askotariko profil profesionaletakoak izango dira, eta administrazio, teknologia berri, proiektuen kudeaketa, komunikazio, giza baliabide, web proiektu, arlo juridiko, arkitektura, dokumentazio eta artxibatze, turismoaren sustapen, diseinu, marketin, hirigintza, pieza historikoen zaharberritze eta kontserbazio, ingurumen eta gizarte lanaren arloetan prestakuntza duten gazteei daude zuzenduta.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 30 urtetik beherako gazteei bereziki zuzendutako enplegu plana baloratu du: «Tresna garrantzitsua da Bilboko gazteen enplegagarritasuna hobetzeko, curriculuma hobetuz, eskarmentu profesionala hobetuz eta unerik kritikoenetako bat den honetan ere lehenengo enplegua izateko aukerak hobetuz».

Zehazki, langabezian dauden, Bilbon bizi diren eta erdi edo goi mailako titulazioa duten 16 eta 29 urte bitarteko herritarrentzako enplegu plana da. Parte hartu nahi dutenek Lanbiden eta Gazte Bermea Sisteman inskribatuta egon behar dute. Enplegua bilatzea erraztearen aldeko neurria da, eta gazteek eskarmentu profesionala eskuratzeko aukera izango dute.

Gazteen Enplegu Planaren testuinguruan 87 enplegu berri sortuko dira. Tokiko esparruan sustatuta, 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioak egingo dira. Udala, udal arloak eta udal entitateak zuzenean arduratuko dira kontratazioez. Eskaintzak zuzenean kudeatuko ditu Lanbidek, eta Bilbao Ekintza udal sozietatera desbideratuko ditu hautagaitzak.