Zinebiren 60. edizioak Mariano Llinas zinegile argentinarrari emango dio Ohorezko Mikeldia

Bilboko Udalak antolatzen duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (Zinebi), gaur arratsaldean hasiko da, Mariano Llinas zinegile eta gidoilari argentinarrari eskainiko zaion omenaldiarekin.

NAIZ|BILBO|2018/11/09 15:32
Mariano_llinas
Mariano Llinas, gaur goizean egin duen agerraldian. (Zinebi)

Mariano Llinasi Jaialdiaren Ohorezko Mikeldia emango zaio, zine garaikidearen nazioarteko panoramako berritzaileenen artean dagoen zinegile horren lan guztian hautematen den «sorkuntzarako talentua eta erradikaltasun estetikoa» aintzatetsiz.

Entrega jaialdiaren inaugurazio ekitaldian izango da, arratsaldeko 20.00etatik aurrera, Arriaga Antzokian. Horrez gain, irekiera zeremonian, Llinasek berak zuzendutako ‘La Flor antes de que fuera La Flor’ antzezlana estreinatuko da, Piel de Lava taldeko antzezleek (Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes) interpretatutakoa.

Horrez gain, Zinebik primizian jasoko du hamarkada batez egin den eta ia 14 ordu irauten dituen ‘La flor’ filmaren Estatuko aurkezpena. Azaroaren 11, 12 eta 13an eskainiko da Golem – Alhondiga zine-aretoetan.

Llinasek aniztasun kulturala defendatu du gaur egindako adierazpen batzuen bitartez, «munduko zonalde askotan gauzak elkarren artean berdinak izatea nahi dute; baina beste batzuetan, aldiz, gauzak ezberdinak izatea nahi dute, bakoitza bere berezitasun eta identitatearekin».

Mariano Llinas (Buenos Aires, Argentina, 1975) zuzendari eta gidoilaria da, El Pampero Cine zinegile taldeko kidea –Laura Citarella, Alejo Moguillansky eta Agustin Mendilaharzurekin batera–. 2002an ‘Balnearios’ izeneko lehenengo film luzea egin zuen. 2008an ‘Historias Extraordinarias’, bigarren filma, egin zuen, kritikak goratua eta Argentinan oihartzun eta ikus-entzule aldetik arrakasta handia lortu zuena.

Bere azken film luzea, ‘La Flor’ (2018), Baficiko azkeneko edizioan estreinatu zuen, eta sari nagusia irabazi zuen. Ondoren, nazioarteko oso jaialdi garrantzitsuetan hartu du parte, Locarnon, Toronton, New Yorken edo duela denbora gutxi Vienako Nazioarteko Zinemaldian (Viennale), arrakasta handia lortuz ikus-entzuleen eta espezializatutako kritikaren artean.

‘La Flor’, elkarren artean independenteak diren eta bata bestearen ondoren gertatzen diren sei istoriok osatutako narrazio multzoa da. Artisten arteko bat egitea lau emakume antzezleen gain dago: Pilar Gamboa, Elisa Carricajo, Laura Paredes eta Valeria Correa. Fikzio horietako bakoitzaren unibertsoa erabat desberdina da; muturreko alde hori bilatua da.

Horrez gain, lau emakume antzezleek kontakizun bakoitzean antzezten dituzten lau pertsonaiek ere aniztasun bera izan nahi dute. Pilar Gamboa aztia izan daiteke lehenengoan, pop abeslaria bigarrenean, espioi mutua hirugarrenean, leku gutxi hartzen duen bigarren mailako pertsonaia laugarrenean, ia ikusezina bosgarrenean eta XIX. mendeko Panpa basatiko toldoetatik ihes egin duen gatibu gisa berragertu seigarrenean. Gauza bera gertatzen da gainerakoekin.

‘La Flor’ azaroaren 11n, 12an eta 13an eskainiko da Golem Alhondiga zine-aretoetan, hiru jardunaldiko maratoia, osorik ikusi ahal izateko: 840 minutuko iraupena.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK