Euskarari eta euskal kulturari lotutako egitaraua hasiko da datorren astelehenean Deustun

Bilboko Udalak antolatutako ‘Kultur Gabonak’ programak euskarari eta euskal kulturari hainbat jarduera eskainiko ditu Deustu auzoan, euskaldunen ehunekorik altuena duen barrutian, hain zuzen. Horrela, datorren astelehenean hasita, bertso saioak, euskarazko antzezlanak edota poesia topaketa bat izango dira, besteak beste.

NAIZ|2018/12/07 16:09
Captura_de_pantalla_2018-12-07_a_las_16
‘Kultur Gabonak’. (BILBOKO UDALA).

Egitaraua astelehenean hasiko da, abenduaren 10ean, Deustuko udaltegian, 19:30ean, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina bilduko dituen bertso saioarekin. Gainera, abenduaren 17an, poesia topaketa bat izango da toki berean eta ordu berean, Harkaitz Canoren parte hartzearekin.

Programazioan euskarazko antzerkia eta zirkua ere izango dira. Horrela, abenduaren 20an, ATX Teatroa konpainiak ‘Bihotz salataria’ helduentzako ikuskizuna eskainiko du Deustuko udaltegian, 19:30ean, eta urtarrilaren 3an, Eidabe taldeak ‘Mari eta gaileta fabrika’ haurrentzako ikuskizuna eskainiko du toki berean, 18:00etan. Gainera, Zirika Zirkus taldearen ‘Tren geltokia’ zirku ikuskizuna izango da urtarrilaren 2an Deustuko udaltegian, 18:00etan.

Bestalde, urtarrilaren 4an, kontzertu-lantegi bat izango da Arangoitiko udaltegian, elementu birziklatuak erabiliz. Jarduera Trakamatrakak taldeak gidatuko du, eta 5 urtetik gorako haurrentzat antolatuta dago.