NAIZ

Ia 3.500 ikusle izan dira Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian

Pasa den urtetik jaialdia zuzentzen duen taldearen ustez, oso arrakastatsua izan da bukatu berria den 37. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia. Haien aburuz, bete dira aurtengo ediziorako aurreikusitako helburuak, «sinergiak, lana eta egitaraua oinarri, txotxongiloek Bilbon lekurik badutela argi geratu da».

Ezkerretatik eskumara, Josu Kamara, Juanjo Corrales eta Koldo Vio.
Ezkerretatik eskumara, Josu Kamara, Juanjo Corrales eta Koldo Vio.

10 egun iraun duen jaialdi honetan, 13 konpainiak hartu dute parte. Iaz lortutako ikusle kopurua aurten boskoiztu dela adierazi dute antolatzaileek, 3.479 ikusle izan dira, guztira, hiriko 6 eszenatoki ezberdinetan banatuta. «Txotxongiloak mota guztietako ikusleengana iritsi dira, bere presentzia Bilbon zehar nabarmena izan delarik», azpimarratu dute.

Juanjo Corralesek zuzendu du Jule Garcia, Koldo Vio, Josu Kamara, Alvaro Hilario, Ricardo Bamaca, Rocio Matosas eta Isabel Lorentek osatutako lan taldea.

Jaialdiaren zuzendari Juanjo Corralesek arrakastaren gakoetako batzuk aipatu ditu: «Garrantzitsua izan da hiru txotxongilo jaialdien –Bilbo, Sestao eta Tolosa- arteko elkarlana, egitarauak partekatuz eta Euskal Herrian txotxongiloak garatzeko guztiontzako helburuak plazaratuz, betiere herritarrek kultur ekimenetan parte har dezaten eta txotxongilozaleen komunitatea bultzatzeko asmoa kontuan izanik».

Bestalde, «diruz lagundu duten» Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailaren konfiantza eta laguntza eskertu nahi izan dituzte antolatzaileek, «baita hedabideek emandako arreta ere».