NAIZ

Felix Linares, Victoria Cañas eta Isidro Elezgarai dira aurtengo Bilboko Ospetsuak

Abenduaren 17an banatuko dituzte aurtengo Bilboko Ospetsuak sariak. Felix Linares, zinema eta kultur arloko kazetaria; Victoria Cañas, emakume enpresaria; eta Isidro Elezgarai, UNICEF Euskadiko presidentea; izango dira sarituak.

Bilboko Ospetsuak sariak. (Bilboko Udala)
Bilboko Ospetsuak sariak. (Bilboko Udala)

Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak ‘2018ko Bilboko Ospetsuak’ izendatzeko aukeratutakoen zerrenda jakinarazi du astearte honetan Gobernu Batzordearen bileran.

2001ean eratutako ‘Bilboko Ospetsuak’ aintzatespen honen bidez, jardunean egindako ibilbidearen ondorioz hiriaren izen ona zabaltzen lagundu duten pertsonak nahiz erakundeak saritzen ditu Bilboko Udalak.

Abenduaren 17an, astelehena, Bilboko Udalak Bilboko Ospetsuen zerrendari aurtengo hiru titulu berriak gehitzeko ekitaldia ospatuko du. Felix Linares, Victoria Cañas eta Isidro Elezgarai izango dira aurtengo ‘Bilboko Ospetsuak’. Nabarmendu dutenez, Bilboko Ospetsuen zerrendan 97 pertsona daude eta baita ere Athletic Club eta Guggenheim museoa.

Udalak komunikabideei bidalitako prentsa oharrean azaldutakoaren arabera, Felix Linares Jaca, «zinezalea eta literaturazalea. Kultura, literatura, artea eta zinema bultzatzearen aldeko bilbotar konpromisoagatik» sarituko dute.

Victoria Cañas Cenea, enpresaria berriz, «emakume ekintzaile eta enpresari arrakastatsua izateagatik eta Bilbon egindako artearen eta diseinuaren aldeko apustuagatik».

Bestalde, Isidro Elezgarai Esteban, UNICEF Euskadiko presidentea, «haurrekiko eta munduko beste herri batzuekiko Bilboren elkartasunaren eredu izateagatik», azaldu dute.