NAIZ

2,8 miloi euroko kostua izan duten bi igogailu berri Santutxun

Bilboko Udalak gaur inauguratu dituen bi igogailuek Txurdinagako kiroldegia Basarrate zelaiarekin eta metroarekin lotuko dituzte eta 2,8 miloi euroko kostua izan dute.

Santutxuko igogailu berrietako bat. (BILBOKO UDALA).
Santutxuko igogailu berrietako bat. (BILBOKO UDALA).

Udalak azaldu duenez, Santutxuko inguru horretarako irisgarritasun-soluzioa, biztanleria-dentsitate handia baitauka, bi igogailu inklinatu jartzea izan da, Cocherito de Bilbo eta Iturriaga kaleen arteko garaiera aldea gainditzeko.

Goiko aldeko igogailuak Iturriaga kalean hasten du ibilbidea, Basarrateko zelaiaren eta Metroaren geltokiko igogailuaren ondoan. Laurencin Markesaren kalea eta Anselmo Guinea Margolaria kalea gurutzatzen diren lekuraino iristen da, eta badu geltoki bat tartean, hango haurtzaindegiaren ondoan. Igogailuak 65 metroko tartea egiten du, eta 8,5 metroko garaiera aldea gainditzen du.

Bestalde, beheko igogailua Anselmo Guinea Margolariaren kaleko zenbaki bakoitien aldetik doa, Laurencin Markesaren kalearekin gurutzatzen den lekuan bertan, Cocherito de Bilbo kalearekiko gurutzaguneraino. Igogailuak 45 metroko tartea egiten du, eta 5 metroko garaiera aldea gainditzen du.

Igogailu baten zein bestearen kabinetan 20 pertsona sartzen dira. Igogailuek badute behaketa-sistema bat, ingurua denbora errealean behatzen duena; badu energiaz etengabe hornitzeko sistema bat ere, eta kabina barnearekin komunikatzeko sistema bat ere bai, besteak beste.

Horrez gain, udalak adierazi duenez, Cocherito de Bilbo kalearen eta Club Deportivoren Zirku Amateurra kalearen bidezko konexioa «hobetu» egin da, han zegoen oinezkoentzako pasabide bat lekuz aldatuz eta haur-jolasen plazaren inguruko espaloia zabalduz. Horretarako, ezabatu egin da lehen zegoen lorategi-gunea.

Gaur inauguratu direnekin, Bilbok 38 igogailu dauzka 31 instalaziotan; abenduaren 1etik gau eta egun ematen dute zerbitzua. Horiei gehitu behar zaizkie 20 arrapala eta eskailera mekanikoak.