NAIZ

Santutxu, Bolueta eta Miribillaren arteko oinezko lotura Miraflores zubitik egingo da

Zazpi Kaleetako, Atxuriko, Santutxuko, Boluetako eta Miribilla artean joan-etorriak oinez egiteko aukera izango da Miraflores zubitik. Udalak 940.000 euroko inbertsioa egingo du eta Aldundiak 465.000 eurokoa. Lanak urte eta erdiz luzatzea aurreikusten dute.

Bizkaiko Aldundiko diputatua den Imanol Prdales eta Asier Abaunza, Bilboko Udaleko zinegotzia. (Bilboko Udala)
Bizkaiko Aldundiko diputatua den Imanol Prdales eta Asier Abaunza, Bilboko Udaleko zinegotzia. (Bilboko Udala)

Asier Abaunza, Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoko zinegotzi ordezkariak eta Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapenerako diputatuak aurkeztu dituzte gaur, Bilboko udaletxean, Santutxu eta Miribillaren arteko oinezkoen lotura egiteko faseak.

Lehenengoa Santutxu auzora sartzeko biribilgunetik Mirafloresko biadukturaino izango da eta bi hilabetez luzatuko dira lanak. Bigarren fasea ere bi hilabetez luzatuko da eta aurrekoaren jarraipena da, biaduktuaren azpitik Bolueta auzorantz.

Hirugarren faseak biaduktua gurutzatzen du eta Bizkaiko Foru Aldundiak gauzatuko du, azpiegituraren jabea delako. Obra horren bidez, biaduktuaren iparraldeko espaloia egokitu eta eraberritu nahi da, oinezkoak igarotzeko. Sei hilabetez luzatuko dira lanak.

Azkenik, laugarren tartea biaduktuaren amaieratik pasatzen da, Miribillarantz, eta lau hilabetetan egitea aurreikusi dute.

Lanak egiteko, Bilboko Udalak 950.000 euro gastatuko ditu eta Bizkaiko Foru Aldundiak 465.000 euro.

Santutxu, Bolueta eta Miribilla auzoetan 55.000 pertsona bizi dira.