Zinegoak 2019, «luma izatearen harrotasuna» aldarrikatuz

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans 16. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, aurtengo edizioko kartela aurkeztu du eta «luma izatearen harrotasuna» aldarrikatu nahi izan duela nabrmendu dute.

NAIZ|2019/01/08 13:04
Captura_de_pantalla_2019-01-08_a_las_13.06.59
Zinegoak-eko 2019ko kartela.

Aurtengo edizioko kartelan, Cassandro ‘el Exótico’ borrokalari mexikarraren erretratu bat da irudiaren protagonista nagusia. Cassandro mundu mailako txapelduna izan da hirutan, eta borroka libre mexikarrean bere orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietakoa izan da. Zinegoak jaialditik azaldu dutenez, kirol hau «oso maskulinizatua eta matxista da», eta irudi honekin, jaialdiak aldarrikatu nahi du «ez dagoela zertan mugarik egon behar genero-adierazpenean».

Zinegoak jaialdiko zuzendari Pau Guillenek nabarmendu duenez, «badirudi gizon eta emakumeek ezarritako arau sozialen arabera bakarrik adierazi daitezkeela, eta baten batek ezarritakoa jarraitzen ez duenean, adjektibo ugari jaso behar ditu: xelebrea, emagizona, desegokia, bitxia…». Hori dela eta, aurten Zinegoak jaialdiak «luma izatearen harrotasuna» aldarrikatu nahi du, «bakoitzak eskubidea izan behar duelako bere generoa adierazteko, konbentzionalismoak ahaztuz, eta libre eta gustura sentituz».

Karteleko argazkiaren egilea Katie Orlinsky da eta New Yorker hedabidearentzat egindako erreportaje baten baitan agertu zen.

Zinegoak elkarteak sexu-aniztasun, identitate eta generoarekin lotutako kontzeptuak lantzen ditu, sexu-orientazioarekin batera. Orain dela bi urte jaialdian generoa landu zen Muxe baten irudiarekin, eta iaz orientazioa eta gorputzen aniztasuna aldarrikatu zen. Aurten landuko den eremu nagusia genero-adierazpena izango da. Kartelean agertzeaz gain, gai hau ere programazioan agertuko da.

Adibidez, ‘The man who surprised everyone’ film errusiarra ikusi ahal izango da. Lan horretan protagonistak heterosexualak dira, eta konturatuko dira zer nolako presioa jasotzen duten euren generoa ezarritako arauen baitan adierazten ez badute. Pelikula honek Bordeleko Zinema Independientearen Jaialdiko Erasmus Plus saria jaso zuen.

Horrez gain, sail ofizialean konfirmatu den beste lan bat Bertrand Mandico zuzendariaren ‘Les garçons sauvages’. Arte eszenikoei dagokionez, Xake Produkzioen ‘LUR’ umeentzako antzezlana egongo da Bilbon lehenengo aldiz. Lan honek genero-identitatea lantzen du: protagonista Ane da, bulba duen mutila.

Hurrengo asteetan Zinegoak jaialdiak bere programazioa eta gonbidatuen zerrenda konfirmatzen joango da, hilabete barru prentsaurrekoan aurtengo nondik norako guztiak aurkezten diren arte.