NAIZ

Alhondigak gizarte eta kultura garaikidearen arteko «lokailua» izan nahi du

Azkuna Zentroak eragina izan nahi du ingurunean, gizartea eraldatu, eta kritiko, sortzaile eta askotarikoagoa izan dadin lortzeko eta programazioak zeharkako sei lan-ildo izango ditu, elkarren arteko harremanean jarrita: arte garaikidea, arte biziak, zinema eta ikus-entzunezkoak, gizartea, kultura digitala eta literatura.

2019-2023 Proiektu Programaren aurkezpena.
2019-2023 Proiektu Programaren aurkezpena.

Programa berriaren aurkezpenean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Perezek azaldu dutenez, apustua egin dute eredu berri bat abiarazteko, «kultura garaikidea gizartearekin etengabeko hizketan dagoen praktika eta prozesu gisa hartuta, diziplina artistiko berriak erabiliz, eta gizartea eta kultura ekintza guztien funtsa izan daitezen».

«Pertsonak izango dira Azkuna Zentroko bizitzaren muina», Proiektu Programaren arabera, gizartea eta kultura garaikidea uztartuko dituen «lokailua» izango baita zentroa, eta eragina izango baitu ingurunean, gizartea sortzaile, kritiko eta askotarikoagoa izan dadin lortzeko. Hori guztia, «eraldaketan oinarritutako proiektu dinamiko baten bidez». Programazio osoa erabiltzaileei, ikus-entzuleen komunitate desberdinei zuzenduta egongo da, eta modu desberdinak bultzatuko ditu Alhondiga esperimentatzeko eta bisitatzeko.

Alhondigako zuzendaritzak azaldutako Proiektu Programa berria aurreko planteamenduaren azterketaren «emaitza» da, eta bost urtetan garatuko den plan estrategikoa landu du, «egungo ikuspegira egokitutako» lan-ildo berriekin.

Gainetatu dutenez, prozesuan, zentroko talde osoaren barneko lan-saioak egiteaz gain, kanpoko kontrastea landu da, ‘entzun/escuchar’ dinamiken bidez, eta haietan erabiltzaileek, artistek, sektoreko profesionalek, administrazioko ordezkariek, zentro artistikoek eta beste instituzio batzuek hartu dute parte. Guztira hamar dinamika izan dira, eta haietako bakoitzean alderdi desberdinak landu dira, «betiere orain arte egindakoetatik harantz eboluzionatzeko xedez».

Programazio kulturalean sei ildo finkatu dira, elkarren arteko harremanean, hizketan eta etengabeko mugimenduan, artistak oinarrizko ardatz gisa hartuta: Arte garaikidea, Arte Biziak, Zinema eta ikus-entzunezkoak, Gizartea, kultura digitala eta literatura.

Programazio egonkorra izango du Alhondigak, «bertakoa aintzat hartuz eta nazioartean orekaz kokatuz, eta Bilboko beste espazio batzuetara hedatuko diren programekin eta jarduerekin».

Hezkuntza eta bitartekotza Proiektu Programako zutabe estrategikoetako bat izango dira ere Alhondigaren arabera. Programazioarekin batera bitartekotza egongo da, eta ikus-entzuleen eta komunitateen dibertsitatea aintzat hartuko da, «bertako eta nazioarteko ikuspegi bikoitzarekin». Estrategia horretan, hezkuntzako proiektuetarako, bitartekotza landuko duen programa bat sortu nahi dute.