7Katu gaztetxearen 12. urteurrena

Alde Zaharreko 7Katu gaztetxeak 12. urteurrena ospatuko du hurrengo astean, urtarrilaren 21etik 27ra. Aste osoan zehar hitzaldiak, mahainguruak, kontzertuak, antzerkiak, bertso saioa eta tailerrak egongo dira.

NAIZ|2019/01/17 12:05
7katu
7Katu gaztetxeko 12. urteurreneko kartela.

12. urteurrena ospatuko du 7Katu gaztetxeak urtarrilaren 21etik aurrera. Lehenengo bi egunetarako hitzaldia eta mahaingurua antolatu dituzte. Asteleheneko hitzaldia faxismoaren gorakadari buruzkoa izango da eta asteartean berriz, ‘Emakumea eta kirola’ mahaingurua egongo da. Biak arratsaldeko 19.00etan hasiko dira. Asteazkenerako, 18.30tan ‘Ekonomia sozial eraldatzailea’ tailerra antolatu dute.

Ostegunean, 20.30tan hasiko da egitaraua. Lehenengo, Nerea Arriolak eta ‘Ez dok hiru’ taldeak antzerkiak eskainiko dute. 23.00etatik aurrera Magaz In Fernu DJak girotuko du gaua.

Ostiralean berriz, umeen jolasak eta herri jolasak izango dira arratsaldean eta gauean Ke te Kalles, Zarysamba eta Guda Dantza taldeen kontzertuak izango dira.

Larunbata festa egun garrantzitsuena izango da. Euskal Zunbak irekiko du eguna 13.00etan. Gero, bazkaria eta bazkaloste musikatua egongo da Berinbau taldearen eskutik. Arratsaldean, ‘7katu kantari’ saioa egongo da, eta ondoren Nizuri Tazuneri, Skabidean eta Ziztada & Erlantz Raperurekin girotuko dute gaua gaueko 21.30tik aurrera.

Bazkarirako tiketak Errondabide eta Adaxka tabernetan daude salgai 6 eurotan.

Igandean, urteurrenari bukaera emateko, bertsosaioa antolatu dute 19.30tan. Ohiana Bartra, Xabat Galletebeitia, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martin bertsolariek hartuko dute parte.

Gaur egungo 7Katu gaztetxeak 2007. urtean zabaldu zituen ateak, Solokoetxeko eskaileretan. Hainbat alditan hustu izan dute, baina 12 urte ondoren, proiektuak aurrera jarraitzen du.