Bilboko eskola publikoetako elikadura sistema eraldatu nahi du Udalberrik

Udalberrik eskoletako jantoki publikoak kudeatzeari eta elikadura-hezkuntzako programa bat bultzatzeari buruzko proposamena defendatuko du urtarrileko osoko bilkuran. Bestetik, Iparragirre kalea oinezkoentzat egiteko Udalaren obra plana kritikatu du.

NAIZ|2019/01/18 13:53

Lakuako Hezkuntza Sailak bultzatutako araudi berri baten indarra baliatuz, Udalberrik eskatuko duena zera da: «eskoletako jantokiak kudeatzeko eredu berri bat sustatzea, betiere udal-eskumenen barruan, erosketa eta produkzio ekologiko, osasungarri eta hurbilekoaren irizpideak txertatuz eredu horretan».

«Azken finean hau da Euskal Eskola Publikoaren Familien Elkartearen erreibindikazio zahar bat. Modu honetan, ikasleen osasuna hobetu daiteke eta aldi berean inpaktu ekologikoa murriztu daiteke», azpimarratu du Carmen Muñozek, udal taldearen bozeramaileak.

Horren harira, Bilboko ikastetxe publikoetan elikadura hezkuntzako programa bat bultzatzea eskatzen du Udalberrik. Udal taldearen hitzetan, elikadurako sektore pribatuak hezkuntza-esparruan izaten dituen «injerentzia interesatuak» aldi berean prebenitzeko helburuarekin. «Ez dago zalantzarik: gure osasuna eta elikatzen garen eraren artean harreman zuzena dago. Aldiz, gure gizartean informazio eskasa daukagu gai honen inguruan. Hau dela eta, instituzioek bermatu beharko lukete gai honen inguruko hezkuntza ditugun ohitura txarrekin bukatu ahal izateko», azaldu du Muñozek.

Iparragirre kalea

Bestalde, Udalberrik Udalak proiektuak egiterako orduan duen «zorroztasun fatal» salatu du. Carmen Muñozek: «Hauteskunde aurreko maniobra politiko baten aurrean gaude. Ez dugu ulertzen nola aurkeztu ahal den Iparragirre kalea oinezkoentzat egitea bezalako obra bat, Babes Zibileko iragazkitik pasatu baino lehen. Ezin dugu ahaztu, obra honek, ehundaka auzokideengan duela eragina».

Udalberriren ustez, EAJ-PSE gobernuak «bisitatzen gaituzten turistak inpresionatzean pentsatzen du auzotarren bizitza erraztea hobetzea baino lehen». «Hiriaren edertasuna lehenetsi egiten dute funtzionaliatearen aurretik. Auzokideak kexatu behar izan dira, suhiltzaileen abalarekin, gobernu taldeak plana atzera botatzeko. Penagarria da horrelako jokaerak gertatzea», salatu du.