NAIZ

EH Bildu, Udalberri eta Goazen, Supersur handitzearen kontra

EH Bilduk Supersur autopista handitzearen kontrako «jarrera argia» azaldu du, Bolintxu haranean «eragingo dituen ondorioak» direla eta. Udalberrik «diru-xahuketatzat» jo du Bilbo Metropolitarrean ibiltzen diren «ibilgailu guztien %6k soilik» erabiltzen duten errepide baten luzapena.

EH Bilduk Supersur autopista handitzeko egingo diren lanek Bolintxuko haranean eragingo duen inpaktu ekologikoa salatu du. Koalizio subiranistaren ustez, «Udalerri osoan balio natural gehien duen eremua, Supersurraren luzatzearen ondorioz, gehien sufrituko duen gunea izango da, bereziki, Arnotegi mendiko ekialdeko magala, eta Seberetxe eta Buia auzoak».

Koalizioak gogoratu du Lurralde Plan Partzialak (LPP) «balio naturalak, biodibertsitatea eta erreken ibarrak berreskuratzea» helburu zituela, baina «LPP idatzi zuen Aldundiak berak martxan jarri du Supersur luzatzeko obra, plan horren baitan onartzen ziren helburu guztien kontra», salatu du EH Bilduk. «Soilik azken luzatze honetan 31 natura inpaktu aurreikusten dira, haietako 11 larriak», nabarmendu du.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Bolintxun «eragin ekologikoa gutxitu» egingo zutela ziurtatuz egindako adierazpenei dagokionez, EH Bilduk hitz hauek «arreta desbideratu eta giroa nahastu» nahi dutela adierazi du. «Izan ere, Ingurumen Inpaktuari buruzko txostenek argi utzi dute obra hauek oso eragin kaltegarria izango dutela Bolintxu inguruan», salatu du koalizioak.

Udalbatzan egin bezala, EH Bilduk Udalaren «eskuhartzea» eskatu du, Bilboko azken harana «defendatu dezan eta proiektu hau behingoz geldiarazi».

Bestalde, EH Bilduren ustez, «4,7 kilometro eraikitzeko 180 milioi euroko kostua duen obra honek 30 urteko hipoteka ordaintzera behartuko gaitu, bai arlo ekonomikoan zein ingurumen arloan».

«Azken urteotan, argi geratu da Supersur errepidea espero zena baino askoz kotxe gutxiagok erabiltzen dutela. Aldundiak, errepidea eraiki zuenean, emandako aurreikuspenak ez dira inolaz bete, eta xahutze ekonomikoa baino ez du suposatu. Baldintza horietan, koalizioarentzat ez dauka inolako zentzurik errepidea luzatzea», azaldu du EH Bilduk.

Udalberri

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozek «diru-xahuketatzat» jo du Supersur autopistaren handitzea. Bilbo Metropolitarrean ibiltzen diren «ibilgailu guztien %6k soilik» erabiltzen duten errepidea dela esan du eta «ehuneko hori aurreikusitako 24.000 ibilgailuen erdia dela kontuan izanda gainera».

«Supersuarraren handitze lana 200 milioi euroan dago jasota aurrekontuan, eta handitze lan horren kilometro bakoitzak ia 47,61 euroko kostua izango du. Ez dugu ulertzen hori EAJrentzat lehentasun bat izatea, diru publikoko kopuru itzel horiek premia sanitario, hezkuntza arloko edo asistentzialei erantzuteko bideratzeko aukera izanik», adierazi du Muñozek.

Bestalde, Muñozek salatu du proiektu hori «kontraesanean» dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Biodibertsitate Estrategian bildutako kontserbazio helburuekin, baita Bizkaiko estrategian bildutakoekin ere. «Foru Aldundiak berak onartzen du inpaktu ekologikoa izango dela erakundeko arduradunek minimizatzen saiatuko direla iragartzen dutenean. Baina zer zentzu du Bilboko eremu hauskor eta kontserbatuena arriskuan jartzeak guztiz premiagabekoa dela frogatuta dagoen azpiegitura bat altxatzeko» galdetu du Udalberriko bozeramaileak.

Hau dela eta, EH Bildu, Udalberri eta Goazen ‘Supersur Anpliaziorik Ez!’ plataformak urtarrilaren 26rako deitutako manifestaziora atxikitu dira. Manifestazioa 18.00etan irtengo da Arriagatik eta Udaletxean bukatuko da. LAB sindikatuak ere manifestazioan parte hartzeko deia egin du.