Naiz

FANT jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi

FANT, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, 25. edizioa antolatuko du maiatzaren 2tik 11ra bitartean. Urteurrena ospatzeko «ezuste» eta «ekitaldi berezi» ugari antolatu dituzte maiatzera arte.

FANT zinemaldiko 25. edizioko kartela.
FANT zinemaldiko 25. edizioko kartela.

FANT jaialdiaren 25. urteurrena ospatzeko, Bilboko Udalak zenbait  ekitaldi antolatuko ditu. Besteak beste, film berrien aurretiko estreinaldiak, klasiko batzuen berrikuspena, hitzaldiak, emanaldiak eta beste proposamen batzuk egingo dituzte.

Zinemaldiak maiatza aurretik bere ikus-entzuleekin elkartzeko «aitzakiarekin», hilean behin, Golem-Alhondiga zinema aretoetan pelikula batzuk Estatu espainiarrean lehen aldiz ikusteko aukera eskainiko du. Lehenengo emanaldia urtarrilaren 31n izango da, 20.00etan, Anouk Whissell, François Simard eta Yoann eta Karl Whissell-en ‘Summer of 84’ (2018) film kanadiarrarekin.

Otsailaren 21ean, Nicole Kidman protagonista duen Karyn Kusama zinemagile estatubatuarraren ‘Destroyer’ (2018) lanaren txanda izango da, eta martxoaren 7an, Koldo Serra bilbotarrak zuzendari eta Emma Suárez, Nathalie Poza eta Hugo Silva protagonista dituen ‘70 binladens’ estreinatuko da.

Saio horietarako sarrera doakoa izango da, baina beharrezkoa izango da aurretik sarrera jasotzea Golem-Alhondigako txarteldegietan (gehienez bi pertsona bakoitzeko). ‘Summer of 84’ ikusteko sarrerak emanaldiaren egunean egongo dira eskuragarri, 16.00etatik aurrera. Gainerako aurretiko estreinaldiei buruzko informazio puntuala ematen joango da FANT, bai eta sarrerak jasotzeko moduari buruzkoa ere.

Generoaren klasikoak

Zinemaldiak generoaren klasikoei ere helduko die, eta, BilbaoArterekin lankidetzan, Mary Shelley idazle britainiarrak zinean utzitako ondareari buruzko zikloa antolatu du, eta sei emanaldi eskainiko dira, martxoaren 28tik aurrera. Iaz 200 urte bete ziren askotan zinera eta literaturara eraman den ‘Frankenstein edo Prometeo modernoa’ eleberria argitaratu zenetik. Hori dela eta, FANTek klasiko hori berreskuratuko du, hainbat estilo eta garaitako sei lan barne hartuko dituen atzera begirakoarekin.

Zine garaikidera itzuliz, eta Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Istorio Biziak programaren barruan, Javier Gullón eta Alfredo Montero-ren ‘La Cueva’ (2014) eta Paul Urkijo gasteiztarraren ‘Errementari’ eskainiko dira otsailean.

Bestalde, Zinegoak jaialdiarekin lankidetzan, otsailaren amaieran, Yann González zinemagilearen ‘Un couteau dans le coeur’ filma eskainiko da, eta Loraldia jaialdiaren eskutik, Iratxe Fresneda zinemagile, zine kritikari eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak ‘Lurralde hotzak’ aurkeztuko du apirilean, fikziozkoa ez den bere lehenengo film luzea.

Gainera, edizio bereziarekin bat etorriz, FANT Bilbotik irtengo da, azken edizioetan parte hartu duten film batzuk Bizkaiko beste udalerri batzuetara eramateko. Horrela, Barakaldon eta Arrigorriagan izango dira saioetako batzuk, apirilaren 4an eta 12an, hurrenez hurren, eta Joe Lynch-en ‘Mayhem’ (2017) eta Aitzol Saratxagaren ‘Ziren’ (2017) eskainiko dira.

Oraindik irekita dago zinemaldiko 25. edizioko lehiaketara filmak aurkezteko epea. Ikusteko kopiak jasotzeko azken eguna martxoaren 1a izango da. Lehiaketarako materialak aurkezteko prozedura eta informazio gehigarri guztia jaialdiaren webgunean dauden oinarri osoetan kontsulta daitezke.