Asier ROBLES

EH Bilduk auzoetan jarri nahi du arreta hiri antolamenduko plan berrian

EH Bilduren ustez, gaur indarrean dagoen hiri ereduak «ezberdintasuna» sortzen du Bilbon, eta horren aurrean «ideien falta izatea» leporatu dio Udal Gobernuari, auzoak berriztatzeko orduan «anbizio eta irudimena» ez duela nabarmenduz, horrek auzo horien «egoera kaxkarra» betikotzen duelarik.

Karlos Renedo eta Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduren prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Karlos Renedo eta Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduren prentsaurrekoan. (Monika DEL VALLE/FOKU).

Aitziber Ibaibarriaga, EH Bilduko bozeramaileak, eta Karlos Renedo, planeamendu kontseiluan koalizioaren ordezkariak, agerraldia egin dute gaur arratsaldean planeamendu kontseilu horrek HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) berriaren aurreneko aprobazioaren inguruan egingo duen bileran EH Bilduk ze jarrera hartuko duen argitzeko.

Ibaibarriagak azaldu duenez, 1995. urtean «apustu garrantzitsua» egin zen ibaiaren ardatza eta hiriaren erdigunea berriztatzeko, baina gaur egun «mutur batetik bestera» pasatu dela hiria baieztatu du. «Auzoak berriztatzeko beste proiektuetan izandako anbizioa eta irudimena faltan botatzen dugu, onartzen ari gara auzo batzuek egoera negargarrian jarraituko dutela Udal Gobernu honen iniziatiba faltagatik», azpimarratu du Ibaibarriagak.

EH Bilduren ustez auzoen beharren inguruan egindako diagnostikoa «egokia» den arren, «hartutako neurriak kontrako norabidean joan dira». Honen harira, kontrastean jarri dituzte burututako azpiegitura erraldoiak (BEC, Super Sur, San Mames, etab) eta oraindik «garatu behar diren» auzoetako hurbiltasun zerbitzuak (Basurto eta Otxarkoagako polikirodelgiak, Zorrotza eta Indautxuko Auzo Etxeak, A8 errepidea Errekalde gainetik kentzea, anbulategiak, haurreskolak…).

Koalizioaren aburuz, HAPO berri honetan «aurreko hirigintza planetik jasotako makro urbanismoan oinarritutako eredu horren aldeko apustua berresten da». Ibaibarriagak adierazi duenez, eredu hori, «agortuta dago eta jasanezina da».

«Hurrengo 25 urteetan etor daitezkeen aldaketen aurrean hiria prestatu behar dugu. Eraikitzeko toki gehiagorik ez dugu, eta aukera espazioetan, Deustuko Erribera, Elorrieta edo Punta Zorrotza kasu, etxebizitzak baino ez dira eraikiko. Ez zaigu erabaki egokia iruditzen», nabarmendu dute Ibaibarriagak eta Renedok.

EH Bilduk argi utzi du «hau ez dela koalizioak nahiko lukeen HAPO-a», baina proposamenen bitartez proiektua «hobetzeko prest» agertu dira. Bide horretan, koalizioak gaurko planeamendu kontseiluaren bileran ezetz bozkatuko duela iragarri du, baina otsaileko Udalbatzari begira jarrera aldaketa bati ateak ireki dizkiote «oinarrizko bost puntuen inguruan negoziazio prozesu bat garatzen bada».

Karlos Renedok azaldu duenez, lehenengo puntuan, auzoentzako hurbiltasun ekipamenduan jarri nahi dute arreta. Adierazi duenez, azken urteetan ekipamendu «supramunizipalak» izan dira guztiak eta auzoekin «zor historiko bat» dagoela gogoratu du: «Duela 25 urte planteatutako ekipamendu asko, oraindik ez dira egin».

Bigarren puntua, etxebizitzari zuzendua izan da, non Renedok «bilbotarren beharrei erantzungo diren etxebizitza publikoaren erreserba» egin behar dela adierazi du.

Bestalde, «ebakuntza urbanistikoa» aplikatzea eskatu du, hau da, «existitzen dena berriztatzea, mikro-urbanismoa». Honetan, batez ere orain arte enpresa pribatuen eta funtzio erlijiosoa izan duten espazioak nabarmendu ditu, eta Telefonika, Gotzaindegiaren eta Siervas de Jesus-en eraikinen birkalifikazio proposamenetan aldaketak egitea eskatu du. «Beti bilbotarron beharra, behar lukratiboen gainetik jarriz», gaineratu du.

Laugarren puntuan itsasadarra «onera ekartzeko» plan bat behar dela adierazi du. Eta Etxebarrirekin bateragarritasun planak garatzea proposatu du.

Azkenik, ingurugiroari arreta jartzea eskatu du. Ganguren eta Artxandako inguruneentzat berriztatze planak martxan jartzea proposatu du, baita lur ez-eraikigarrian eta produktiboen inguruko estudioa egitea.

EH Bilduk, «puntu hauetan negoziazioa ematen bada», lehenbiziko aprobazioa honetan bere bozka aldatzeko prest dagoela adierazu du.