Bordeletik Bilbora bizikleta bidaia The Guardian egunkarian

The Guardian egunkari britaniarrak Bordeletik Bilbora bizikletaz egiteko bidaia baten kronika argitaratu berri du. Idazleak, Rachel Dixonek, zazpi egunetan zehar 480km inguruko ibilbidearen laburpena egiten du lehenengo pertsonan. Ticket to Ride-k antolatutako bidai honetan, bizikletaz ibiltzeaz aparte, yoga eta surf sesioak tartekatzen dira, «zirraragarria, baina nekagarria» den ibilbide batean.

NAIZ|2019/02/05 09:19
Captura_de_pantalla_2019-02-05_a_las_10
The Guardian egunkariak sare sozialetan zabaldutako irudia Bordeletik Bilborako bidaia aurkeztuz.

Rachel Dixonek Lacanauen, Bordeletik gertu, hasi zuen bidaia beste zazpi lagunekin batera The Guardian egunkarian argitaratutako erreportaian. Lehenengo gaua hor igaro eta gero, bizikletak hartu eta Biscarrossera abiatu ziren. 85 km inguruko bidaia da, eta Dixonek bere kronikan dioenez, ibilbide «nahiko erraza» eta «nekazal lurretatik», Landetatik, hain zuzen ere. Biscarrossera heltzean igeri egiteko laku bat dagoela aipatzen du.

Kontatzen duenez, Max-ek, bidaiaren nondik norakoen antolakuntzaz arduratzen den «liderrak», yogako luzatze ariketa batzuk zuzentzen zituen egunero.

Biscarrossen gaua igaro eta gero, hurrengo helmuga Mimizan izan zen. Ibilbide hau laburragoa da eta baso batetik zehar, gehien bat.

Laugarren egunean, Mimizaneko hondartzan yoga sesioa eta surfa egin ondoren, bizikletak berriro hartu eta Seignossera abiatu ziren, Hossegorretik gertu dagoen herri txiki bat. «Ibilbidean zehar herri oso politetatik pasatu ginen, baina ez dago gelditzeko eta esploratzeko denborarik», gogoratzen du Dixonek The Guardianeko kronikan.

Seignossen lo egin eta gero, hurrengo egunean Euskal Herrira jo zuten. Biarritzen zeozer jan ondoren, Donibane Lohizunetik igaro ziren, «arrantza herri zoragarria, XVIII. mendeko eraikinekin», dio Dixonek. Azkenean Hendaiara heldu ziren gaua pasatzeko.

Hurrengo egunean aldapak gainditu behar izan zituzten bizikletaz, Jaizkibel mendatetik (547m). Dixonek mendatearen gogortasuna argi uzten du: «igoera luzea, motela eta ankerra da». Baina, igoerak merezi du, «gailurrera heltzea sentsazio ikaragarria da», adierazten du idazleak.

Ez zuten Donostian geldialdi bat egiteko denborarik izan, «Donostiako pintxo taberna tentagarrietatik bizikletaz pasatu ginen». Baina Orion bai egin zuten geldiunea «izozkia jateko», Zarautzera eta bere «hondartza luzera» heldu baino lehen.

Hurrengo eguneko ibilbidea Zarautzetik Bilbora izan zen. «Mendiz bortizki inguratutako hiria» bezala definitzen du Dixonek Bizkaiko hiriburua. Baina heldu baino lehen Lekeitio, Gernika eta Larrabetzun egin zituzten geldialdiak. Lekeition, Garraitz irlara igeri egiten egindako bisita gogoratzen du idazleak.

Dixonek aitortu duenez, «ibilbidea espero baino zailagoa izan zen, baina Bilbora abiatzen ari ginela jakiteak pena merezi zuen». Gomendio bezala, bizikletan ibiltzerakoan «elikadurarekin kontuz ibiltzea» aipatzen du.

Gaur egun Ticket to Ride-k antolatutako bidaiak Bordeletik Bilbora 1.478 euro balio ditu (maiatzaren 25etik ekainaren 2ra eta irailaren 14tik 22ra). Baina badago beste aukera bat, Bordeletik Biarritzera, zeinek 1.365 euro balio dituen (maiatzaren 18tik 25era eta irailaren 4tik 11ra). Bidaiarako ekipajea antolatzaileek garraiatzen zuten, eta eguneroko kanpamentuak finkatuta zeuden jada.