@asierrobles

«Lumaren harrotasuna» aldarrikatuko du Zinegoak jaialdiak aurtengo edizioan

Zinegoak jaialdiaren 16. edizioa otsailaren 18tik martxoaren 3ra ospatuko da. Bilborock, Golem eta BilbaoArte izango dira egoitza nagusiak, eta bertan sexu aniztasunari lotutako hainbat gai landuko dira 140 ekimen baino gehiagorekin.

Zinegoak 2019ko programaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Zinegoak 2019ko programaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE/FOKU).

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, 2019ko edizioaren programazioa aurkeztu du. Pau Guillen zuzendariak, Alaitz Arenzana zuzendaritza taldeko kideak eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunak parte hartu dute prentsaurrekoan.

Edizio honetako leloa «Lumaz harro» izango da, aurten Zinegoak jaialdiak genero adierazpena landu nahi duelako bereziki. Pau Guillen zuzendariak aipatu duenez, «norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako».

Hori dela eta, aurtengo edizioko kartelaren protagonista nagusia Cassandro ‘el Exótico’ borrokalari mexikarraren erretratu bat da. Cassandro mundu mailako txapelduna izan da hirutan, eta borroka libre mexikarrean bere orientazioa lau haizetara zabaldu duen aitzindarietakoa izan da.

Zinegoak jaialditik azaldu dutenez, kirol hau «oso maskulinizatua eta matxista da», eta irudi honekin, jaialdiak aldarrikatu nahi du «ez dela zertan mugarik egon behar genero-adierazpenean».

Jaialdiaren inaugurazioa otsailaren 18an izango da, Arriaga Antzokian, 20.00etan. ’Elisa y Marcela’ antzezlanarekin ekingo dio jaialdiak. Bestalde, Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrak edizio honetako Ohorezko Saria jasoko du. Aurreko egunean, hilaren 17an, BBK aretoan antolatutako proiekzio berezi batean, Rangayanen azken filma, ‘Evening Shadows’, egongo da ikusgai.

Jaialdiaren lehenengo astean, otsailaren 18tik 24ra arte, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira dira, Golem eta Bilborocken. Bigarren astean, Bilborocken eta BilbaoArten proiekzioak mantentzeaz gain, hainbat jarduera osagarri antolatu dira.

Guztira, jaialdiak 25 film luze izango ditu Sail Ofizialean, hiru kategoriatan banatuta: FIK, DOK eta KRAK. Fikziokoak FIK kategorian bilduko dira. Besteak beste, Oscar Wilden azken urteak kontatzen dituen ‘Happy Prince’ egongo da, Rupert Everettek zuzendu, ekoiztu eta antzeztutakoa; edo ‘Rafiki’, eduki lesbikoa duen Keniako lehenengo pelikula.

DOK kategorian dokumentalak izango dira protagonista. Arenzanak aurreratu duenez. Besteak beste, «intersexualitatearen errealitatea» ezagutuko da ‘Ez Eva ez Adan. Kontakizun intersexual bat’ lanarekin, eta ‘Kartzela Bollerak’ dokumentalak espetxeetako sexualitate disidenteen egoera kontatuko du.

KRAK kategoria aurtengo nobedade nagusia izango da. Bertan zinerik apurtzaileena agertuko da. Generoak, lengoaiak eta estetikak nahasten ditu. Besteak beste, Bertrand Mandicoren ‘Les Garçons sauvages’ pelikula egongo da, Cahiers du Cinemá aldizkariarentzat 2018ko pelikularik onena; ‘Diamantino’, Europako Zinearen Sarietan komediarik onenaren nominazioa jaso zuena; edo ‘Un couteau dans le coeur’, Vanessa Paradisen thriller lesbikoa.

Film luzeez gain, mundu osoko 47 film labur egongo dira ikusgai. Aurreko urteetan bezala, ‘Emakumeak’ eta ‘Haurtzaroa eta nerabezaroa’ sail bereziak egongo dira. Aurtengo nobedadea ‘Indarkeria eta errefuxiatuak’ kategoria izango da, LGTBI+ errefuxiatuek bizi duten errealitatea gerturatzeko.

Era berean, Zinegoak jaialdian Euskal Herriko 13 lan egongo dira. Hamar film labur (gehienak ‘Erroak’ kategorian), dokumental bat eta arte eszeniko bi.

Aurtengo berritasun modura, ‘ZG Jardunaldi Profesionalak’ antolatuko dira, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadi eta EHU/UPVren lankidetzarekin. Zinegoak jaialdiko hainbat gonbidatuk masterclass-ak eskainiko dituzte formakuntza zentroetan.

Martxoaren 2an, larunbata, aurtengo saridunen zerrenda jakinaraziko da  Bilboko Elkarte Filarmonikoan. Horrez gain, Apoyo Positivo elkarteak Sari Berezia jasoko du, 25 urte bete dituelako eta «sexu-aniztasuna ikus-entzunezkoen bidez lantzen dutelako».

Zinegoak martxoaren 3an amaituko da ofizialki, baina horren ostean 60 proiekzio baino gehiago eskainiko dira Euskal Herri osoko 44 udalerritan.