NAIZ

Bizkaia metropolitanoko herrigintza aztertuko du Plaza Hutsa ekimenak

Plaza Hutsa, herrigintza aro berri bat pentsatu eta gorpuzteko helburuarekin sortutako ekimenak, Bilbo metropolitanora eramango du hurrengo gogoeta kolektiboa. Otsailaren 8an Bilboko La Bolsa erakinean, 18.30tan, eta 9an Portugaleteko merkatuan, 10.00etan, izango dira topaketak.

Plaza Hutsa-ren kartela Bilbo metropolitanorako.
Plaza Hutsa-ren kartela Bilbo metropolitanorako.

Plaza Hutsa egitasmoa herrigintza garai berri bati ekarpenak egiteko eta ezkerreko independentismoa herrigintzan «trebatzeko eskola izateko xedez» jaio zen. «Gogoetarako eta ekintzailetzarako espazio parte hartzailea da, nora eramango gaituen ez dakigun bide bat», azaltzen dute.

Urtarrilaren 12an tailer bat antolatu zuten Durangoko Landako gunean. Bertan, hainbat gaiei buruz eztabaidatu zuten eta proposamenetako bat Bizkaia metropolitanoan herrigintza aro berri baterako oinarrietan sakontzeko gogoeta kolektibo bat egitea izan zen.

«Hiriaren errealitatea nabarmen aldatu da, lanaren konposizioa, espazio publikoak bizitzeko baldintzak, harreman sozialak garatzeko eta izateko forma ezberdinak, kultura ulertzeko forma anitzak. Euskal identitatea adierazteko formula urbano berrituak, prekarietate orokortua... aldagai guzti horiek politika ulertzeko eta politika egiteko era aldatu dute», diote Plaza Hutsa egitasmotik.

Lehenengo saioa otsailaren 8an, ostirala, izango da Bilboko La Bolsa eraikinean 18.30tan. Bertan, Hezkuntzari buruzko gogoeta egingo da bi orduz. Olatz Egigurenek, Aner Petralandak, Eztizen Artolak eta Ikoitz Arresek dinamizatuko dute. «Inposatuak zaizkigun hezkuntza sistemen agorpena letra larritan nabarmentzeko momentua da. Hezkuntza eredu propioa gorpuzteko premiazkoa da. Gaur hezkuntzan bizi ditugun egoera zehatzak erdigunean jarrita, etorkizuneko sistema publiko eta burujaberako herri estrategia adosteko premia dugu. Ezkerreko independentismoak gogoeta estrategikoa berrizteko garaia du».

Bigarren saioa otsailaren 9an, larunbata, izango da Portugaleteko Merkatuan (Casilda Iturrizar Kalea 1) goizeko 10.00etatik 14.00etara. Lehenengo, egitasmoaren aurkezpena egingo da, eta 10.30tan Bilbo metropolitanoan dauden proiektuetako batzuen azoka egongo da. Pentsionistak Martxan, Eragin Bilbo, Bizinahi, Karmela, Izarkom, Gazte Euskaltzaleen Topagunea, Mastodon.eus, Tantaka TV… proiektuak izango dira bertan. 12.00etan ‘Bizitzak eta lurraldeak’ eztabaida egongo da Izaskun Duquek, Karlos Renedok eta Nerea Gijarrubia dinamizatua. Azkenik, 13.45etan Ibon Meñikak eta Izaskun Duquek amaiera emango diote egunari.