NAIZ

‘Sardinita disfrazada’ izango da aratusteetako irudia

Bilbok ‘Sardinita disfrazada’ izendatu du aurtengo aratusteetako irudia izateko. Lehiaketan 83 lan aurkeztu ziren, eta epaimahaiak horietako sei aukeratu eta gero, hiritarrek eta epaimahaiak irabazlea aukeratu dute. Otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean ospatuko dira aratusteak.

Bilboko 2019ko aratusteetako kartela.
Bilboko 2019ko aratusteetako kartela.

Bilboko 2019ko aratusteek badute euren irudia. Hiritarrek eta epaimahaiak Jose Angel Ligero Martinezen ‘Sardinita Disfrazada’ irudia aukeratu dute finalera heldu diren sei proposamenen artean.

Udalak adierazi duenez, herritarren parte hartzea izan da lehiaketa honetako «protagonista» aurtengoan ere. 4.139 boto eman dira, bai modu presentzialean (Euskal Museoan), bai online bidez (Bilboko Udalaren webgunean eta hedabide laguntzaileen bidez).

Kartel irabazlearen hautaketa bi fasetan egin da. Lehenik eta behin, epaimahaiak (Jai Batzorde Mistoko zenbait ordezkarik eta diseinuaren eta kulturaren munduko pertsonek osatutakoak) sei kartel finalista hautatu zituen aurkeztutako 83 lanen artean (kopuru horrek iaz aurkeztutako diseinuena bikoizten du).

Epaimahaian hauek egon dira: Itziar Urtasun, Jaietako Batzordeko burua eta Bilboko Udaleko Jaietako Saileko Zinegotzia; Asier Abaunza eta Beatriz Marcos zinegotziak; Myriam Artola, Muxote Potolo Baten bultzatzaile, sortzaile eta CEOa; Mikel Martinez (Farolin eta Zaranbolas 2018); Bilboko konpartsen ordezkari bat; Julio Arrieta, El Correoko kazetaria; eta Ane Zabala, Bilbo Hiri Irratiko kazetaria. Aurkeztutako 83 kartelen artean aukeratu dituzte finalistak. Aurten iazko kopurua bikoiztu da.

‘El cuento de la niña sardinita’, ‘Sardinita disfrazada’, ‘La carola’, ‘Sorgina’, ‘Mom Txerri’ eta ‘La dama del carnaval te observa’ izan ziren 6 kartel finalistak.

Gero, sei proposamen horiek ikusgai jarri ziren eta bozkatu egin ziren; batetik, herritarrei bozkatzeko aukera eman zitzaien, modu presentzialean nahiz Udalaren webgunearen bidez, eta epaimahaiak ere botoa eman zuen. Kartelen artean punturik gehien lortu duena izan da irabazle, kontuan izanik herri-bozketan jasotako puntuak eta epaimahaiak emandakoak.

Irabazi duen diseinua Jose Angel Ligero Martinezek egin du. 2.000 euroko saria eskuratuko du, herritarrek emandako botoei esker (azken erabakian % 75eko pisua izan dute) eta epaimahaiaren erabakiaren ondorioz (gainerakoa, % 25a, izan dena).

Otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean ospatuko dira 2019ko aratusteak Bilboko kaleetan.