Ernaik prekarietatea salatzeko manifestazioa egingo du Bilbon

Ernai gazte antolakundeak prekarietatea salatzeko mobilizazioa deitu du larunbat honetarako, otsailak 16. Mobilizazioa, «prekarietateari ateak itxi» lelopean, Euskadi plazan hasiko da 17.30etan, eta Bilbon zehar hainbat ekimen egin ondoren, Areatzan bukatuko da.

NAIZ|2019/02/12 11:05
Captura_de_pantalla_2019-02-12_a_las_11
Ernairen manifestazioa prekarietatearen kontra.

Euskal Herrian Bizi dinamikaren barruan, Ernai gazte antolakundeak «prekarietatea salatzeko eta kolektiboki borrokatzeko beharra azpimarratzeko» mobilizazioa egingo du larunbat honetan, otsailaren 16an, Bilbon.

Ernaik azaldu duenez, mobilizazioa Euskadi plazan hasiko da 17.30etan, eta bertan egingo dira lehen adierazpenak. Euskadi Plazatik abiatuta, Estatu espainiarreko Gobernu Delegaritzatik barrena Plaza Eliptikoraino joango da manifestazioa. Bertatik Gran Via zeharkatu eta Justizia jauregia pasata amaierako ekitaldia Areatzan egingo dute. Ibilbidean zehar ekimen ezberdinak egingo dira.

Larunbateko manifestazioaz aparte, Ernaik hainbat hitzaldi antolatu ditu aste honetan Leioako campusean. Gaur, ‘Prekarietatea gazte ikuspegitik’ izeneko hitzaldia egon da Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean. Otsailaren 13rako ‘Ez gara zenbaki hutsak’ hitzaldia antolatu dute Hezkuntza fakultatean 10.30etan. Azkenik, otsailaren 14an ‘Prekarietatearen aurkako borroka garraio publikoan: Bizkaibus’ hitzaldia egongo da Zientzien fakultatean 11.00etan.

Eraginek, Bilboko gazte prekarioen asanbladak, mobilizazioarekin bat egingo duela adierazi du ohar baten bidez. «Bilboko gazte langileok urteak daramatzagu gure bizitzen esparru guztiak erasotzen dituen prekarizazio prozesua jasaten. Lan baldintza miserableek ez digute bizi proiektu duin bat aurrera ateratzeko biderik ematen», azaldu dute.

LAB sindikatuak ere mobilizazioarekin bat egin du.