NAIZ

Jende eta aldarri ezberdinak batuko ditu MugiDA!-k Bilbon

«Borroka guztiak, amets guztiak bat. Euskal Herria mugi!». Esaldi hau da MugiDA!ren izpiritua, eta hori izango da Bilbon martxoak 30ean egingo den kalejira-manifestazioaren lelo nagusia «borroka, aldarri, gogo eta amets politiko eta sozial ezberdinak» batuko dituen jardunaldian.

MugiDA! kartela.
MugiDA! kartela.

MugiDA! ekimena martxoaren 30ean ospatuko da Bilbon. Ohar batean azaldu dutenez, MugiDA! «borrokatzen duen jendea da, ilusioz bizi dena eta Euskal Herria zein mundua mugimenduan jartzeko gai dena».

«Zerk mugitzen zaitu zuk? Zer mugitzen duzu zuk? Gogoeta horren erantzuna partekatzea da MugiDA!ren helburuetako bat», azaltzen dute.

Horretarako, lau euskarri egongo dira Areatzan esan dute; pegatinak, aterkiak, puxikak eta kartulinak. Partaide bakoitzak gogokoen duen euskarrian bere leloa, aldarria edo gogoeta jarri eta sareetatik mugitu, Alde Zaharretik barrena mugitu, eta 17.30tan abiatuko den kalejira-manifestaziora eramatea da asmoa.

MugiDA! elkarbanatzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin amets egiteko gunea da; tailerrak, kale animazioa, kultur ekintzak, elkarrekin jan eta edateko mahaiak… «guztion artean Euskal Herria burujabea lortzea xede».

Euskal Herria Bildu indarrak batzeko asmoz jaio zela gogoratzen dute. Etorrera eta sentsibilitate politiko ezberidnetako alderdiak bilduz hasi, eta erakunde zabal eta anitz berria sortu zutela, gizarteko sektore ezberdinetako emakume eta gizonak elkartzen dituena gizarte eta herri proiektu bateratuan.

MugiDA! indarrak biltzen jarraitzeko deia da EH Bilduk oharrean nabarmentzen duenez. «Gure Herriko hamaika borroka eta aldarriak batzeko, guztion artean indar gehiago izateko, guztiok batera aurrera egiteko! Mugitzen bazara, mugitzen da. Ametsak mugi, Euskal Herria mugi!», diote.