NAIZ

Pisu turistikoen kontrako ekintza aldarrikatu du Piztu Bilbok

Piztu Bilbo ekimenak pisu turistikoen kudeaketaz arduratzen den enpresa batean margoketak egin ditu, «gentrifikazioaren sinbolo esanguratsua» den People Rentals ‘Alquiler Vacacional’ enpresan egindako ekintza aldarrikatuz.

People Rentals ‘Alquiler Vacacional’ enpresaren kontrako margoketak.
People Rentals ‘Alquiler Vacacional’ enpresaren kontrako margoketak.

Piztu Bilbok margoketak egin ditu pisu turistikoen kudeaketaz arduratzen den enpresa batean. People Rentals ‘Alquiler Vacacional’ enpresan, hain zuzen ere. BILBOTARRAra igorritako mezuan salatzen dutenez, «Bilbo gero eta hiri bizigaitzagoa da, merkataritza zentroa dirudien hiria, turista kontsumitzailearen behar eta interesei begira eraikitako hiria; eta noski, burgesiaren interesei men egiten diena».

«Hau egunero antzeman daiteke gure auzo eta territorioetan: luxuzko hotel berriak eta komertzio konkretu batzuen monokultiboa –turistifikazioaren sintoma–; haien burua ixtera behartuta ikusten duten komertzio txikiak eta haien auzoetatik alde egitera derrigortutako biztanle historikoak –gentrifikazioaren ondorioz–; enpresa multinazionalek eta kapitalaren zerbitzura dauden makro-ebentuek kolonizatutako territorio militarizatuak –espazio publikoaren merkantilizazio eta pribatizazioaren ondorioak–», azaltzen dute.

Piztu Bilbotik diotenez, «ugre auzo eta territorioetatik kanporatuak izaten ari gara: gure etxeetatik botatzen gaituzte hauek AirBnB bihurtzeko; gure gaztetxeak desalojatzen dituzte, txiringito hipster eta elitistei lekua emateko; gure kaleak berreskuratzen saiatzen garen bakoitzean, traba burokratikoz eta isunez itotzen gaituzte. Gure auzoetatik expropiatuak izaten ari gara! Baita gure bizitzetatik!»

Gaineratzen dutenez, «espazioaren eta bizitzaren merkantilizazio prozesu honen aurka agetzen garenoi, Kapitalaren instituzioek (Udaletxeak, Diputazioak, okupazio indarrak, etab.), kriminalizazio eta errepresioarekin erantzuten gaituzte».

Joan den ekainean Red Bull jauzien aurka egindako ekintzarengatik 7.200 euroko isunak jarri dizkietela salatzen dute.

«Mezua argia da: inork ez dezala ikuzkizuna eten.... the show must go on!»

Piztu Bilbotik, «burgesiaren estrategiaren ardatz» diren hiru prozesu identifikatu dituztela diote: «turistifikazioa, gentrifikazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa».

Eta horren aurrean antagonismo eremu bihurtzea erabaki dutela diote eta «gentrifikazioaren sinbolo esanguratsua den People Rentals “Alquiler Vacacional” enpresa izan da Bilboko auzokide desjabetuon amorruaren jomuga».

«Enpresa hau pisu turistikoen kudeaketara dedikatzen da, bere jarduna gure hiriko hainbat auzo jasaten ari diren gentrifikazio prozesuen atzean dagoen indarretako bat delarik. Pisu turistikoek, gentrifikatzen ari diren auzoetako auzokide desjabetuak era zuzenean kaltetzen dituzte, haien etxebizitzaren alokairua izugarri haztea eragin eta haien betiko auzoetatik desplazatzera behartuta ikusten baitute haien burua», salatzen dute.

Piztu Bilbo ekimenaren iritziz, «higiezinen jabeentzako pisu turistikoak askoz errentagarriak izanik, betidanik izan dituzten inkilinoak bota egiten dituzte; bai kontratuak ez berriztuz, bai alokairu itogarriak (pisu turistikoen etekin berdina emango diena) inposatuz. Honela, auzokideon haserrea ordaindu duen enpresa hau prozesu kaltegarri hau erraztera dedikatzeaz gain, honetaz profitatzen da. Hala ere, auzokideon amorruak hor jarraitzen du, ez da eten; eta Piztu Bilbok honen bozgoragailu izan nahi du. 

Martxoaren 30ean, larunbata, arratsaldeko 20.30 etan Etxebarrieta Anaien Plazatik abiatuko den kanpaina aurkezpen kalejiran parte hartzeko deia luzatu dute.

«Egun honetan abiatuko du Piztu Bilbok kapitalaren eta burgesiaren metropoliaren aurkako kanpaina; beti ere auzoak eta hiria bizitzeko beste modu bat dagoela aldarrikatuz».