@asierrobles

Bilbo zeharkatuko du Korrikak lau ordu baino gehiagoko ibilbidearekin

Ostegun honetan, apirilak 11, Korrika Bilbora helduko. Zorrotzatik sartuko da 11.45ak aldera, eta Elorrietatik irtengo da 16.20etan Bizkaiko hiriburuko ia auzo guztiak zeharkatu ondoren.

Korrikaren ibilbidea Bilbon.
Korrikaren ibilbidea Bilbon.

Apirilaren 4an abiatu zen Korrikaren 21. edizioa Garestik. Besteak beste, Nafarroako Erriberatik, Iruñeatik, Ipar Euskal Herritik, Sakanatik, Arabako Hegoaldetik eta Bizkaitik pasatu ondoren, Bilbora helduko da ostegun honetan, apirilak 11.

Asteazkenetik ostegunerako gaua Meatzaldetik eta Enkarterrik igaro ondoren, goizeko 11.45ak aldera sartuko da Korrika Bilbon Gazte Kontseiluak lekukoa eramanda, Zorrotzatik hain zuzen ere. Orotara 86 eragileen eskutik pasatuko da lekukoa.

Zorrotzatik pasa ondoren, 50 minutu geroago Errekaldera helduko da, eta hortik Irala, Miribilla, Bilbo Zaharra eta Abusu auzoetara joango da. Gero, Ibaizabalen beste aldera pasa eta Txurdinaga, Otxarkoaga eta Santutxu auzoak zeharkatuko ditu 13.30tik 14.00etara.

Santutxu utzi, eta Zumalakarregi etorbidetik igaroz Bilboko Udaletxera helduko da 14.30ak aldera, non hain zuzen ere, Udal korporazioa izango da lekukoaren eramalea. Gero Zazpikaleetatik buelta bat emango du eta ateratzerakoan San Mameseko bidea hartuko du Kale Nagusitik eta Urkixo Zumarkaleatik igaroz.

San Mamesen buelta emango du lekukoa Athleticen eskutik pasatu ostean, eta Bilboko erdialdea berriro zeharkatu eta gero Guggenheim museotik pasako da 15.40tan, non Etxerat elkarteak eramango du lekukoa. Segituan, Euskalduna Zubitik Ibaiadarra zeharkatuko du berriro ere Korrikak, eta Deustun sartuko da. Hor Lehendakari Agirre kalea hartu eta Ibarrekolanda, San Inazio eta Elorrieta auzoetatik pasako da 16.00etatik aurrera.

Azkenik, Bilbotik atera eta Erandioko bidea hartuko du Save the children erakundearen eskutik Busturialdean eguna bukatzeko.

Bilboko ibilbide osoan zehar, Gure Esku Dago, Topagunea, suhiltzaileak, Bolintxu kultur elkartea, Herri Norte, PaYa, EH Bilbu, EAJ, PSE, 7Katu gaztetxea, Bilboko Konpartsak, EITB, EHU eta Loraldia izango dira lekukoa eramango duten beste eragileetako batzuk.