NAIZ

Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2018-2022 aldirako plana onetsi du Udalak

Bilboko Udaleko Gobernu bilerak Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2018-2022 aldirako Plana onetsi du asteazken honetan. Euskara gehiago erabiltzea jarduera publikoan eta bi hizkuntza ofizialen alderako berdintasunerantz jotzea dira planaren helburuak.

Bilboko Udaletxea.
Bilboko Udaletxea.

Bilboko Udalean euskararen erabilera normalizatzeko 2018-2022 aldirako plana onartu du asteazken honetan Bilboko Gobernu Bilerak. Euskara gehiago erabiltzea jarduera publikoan, funtzionarioen artean euskara sustatzea eta zerbitzua ele bietan ematea dira planaren helburuetako batzuk.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, euskararen erabilera normalizatzeko bosgarren plana da, 1999tik. «Urte hauetan guztietan, ahalegin berezia egin da Bilboko Udalean lan egiten duten langileen hizkuntza gaitasuna handitzeko», adierazi du.

Udalaren arabera, gaur egun, Bilboko Udaleko langileen erdiak baino gehiagok dauka lanpostuak eskatzen duen euskararen ezagutza maila (hizkuntza eskakizuna), «nahiz eta inertziaz gaztelania erabiltzen den». Hori dela eta, plan berriaren bidez, lortu nahi da Udaleko langileek «parte hartze eta konpromiso handiagoa izatea» euskara arlo guztietan erabiltzeko.

Hizkuntza normalizazioaren eremuko araudiak, euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko esparrua zehazten du, herritarren eskubideak eta administrazioak herritarren aldera dituen betebeharrak arautuz. Hori dela eta, administrazio publikoari dagokionez, bi jarduera ardatz ezartzen dira: batetik, euskara herritarren alderako zerbitzu hizkuntza, eta, bestetik, euskara lanerako hizkuntza herri administrazio bakoitzaren barruan eta erakundeen arteko idatzizko zein ahozko harremanetarako.

Planaren helburua bi hizkuntza ofizialen alderako berdintasunerantz jotzea da, hau da, «berdintasun formaletik berdintasun errealerantz jotzea». Bilboko Udalaren helburu nagusia da «euskararen erabilera areagotzen jarraitzea, bai herritarrei ematen zaien zerbitzuan, bai erakundearen barruko eginkizunak kudeatu eta garatzeko orduan, betiere herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz administrazioarekiko harreman guztietan».

«Hizkuntza eskubideak herritarrenak dira, eta administrazioaren betebeharra da eskubide horien erabilera bermatzea. Hori horrela izanik, Udalak baditu betebehar batzuk herritarren aldera, eta langile publikoek betearazi behar dituzte betebehar horiek. Beraz, Udaleko langileek, herritarrekiko harremanetan, haiek hautatutako hizkuntza baliatu behar dute, eta, administrazio barruan edo beste administrazio batzuekiko harremanetan, Udalak hautatutako hizkuntzan, bai ahozko harremanetan, bai idatzizkoetan», azaldu du.

Azken batean, Bilboko Udalaren arabera, «euskarak zerbitzu hizkuntza izan behar du herritarrekiko harremanetan, eta lanerako hizkuntza administrazioekiko harremanetan eta Udalaren beraren barruko jardueretan».

Alde guztien ekarpenak

Halaber, Bilboko Udalaren iritziz, Udaletxean euskararen erabilera normalizatzeko, beharrezkoa da alde guztiek ekarpenak egitea: «Herritar euskaldunek jakin behar dute administrazioa gauza dela zerbitzuak euskaraz emateko; erakundeetako ordezkariek konpromiso zintzoa eduki behar dute euskara normalizatzeko eta hala agertu behar dute jendaurrean; langileek jokatu behar dute erakundeak horri buruz ezarritako lan dinamikaren arabera».

Horregatik, 2018-2022 aldian, Bilboko Udalak Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak onetsiko ditu. Irizpide horiek arau izango dira Udal osoan, eta beharrezkoa izango da bete eta betearaztea. Sail eta zuzendaritza guztien erantzukizuna izango da ziurtatzea irizpide horiek kasu guztietan betetzen direla.

Azkenik, Udalari atxikitako erakundeek ere aukeran izango dute onetsi den Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eredutzat hartzea eta beren euskara planak onesteko beharrezkoak diren neurriak onartzea.